Pertsona transen despatologizazioaz

Ukatu Transmaribibollo Asanblada 2020ko urr. 22a, 10:51

Urriaren 20a pertsona transen despatologizazioaren aldeko nazioarteko eguna da. Ematen du eskerrak eman behar ditugula sexu eta genero disidenteok ez garelako DSMan (Manual diagnóstico y estadístico de los trastornos mentales) agertzen, eskuliburu horrek buruko arazoen sailkapenetik atera gaituelako. Gizarteak ere prozesu hori egin du, "normalak” izaten utzi digutela ematen du.

Baina errealitatea beste bat da, osasun instituzioak oraindik bizirik dirauen biolentzia ezartzen du gure gain. Genitalitate hertsi batean sartzen gaitu jaio eta berehala, eta genero bat inposatzen digu genitalitate horretan oinarriturik. Inposizio horretatik ihes egiten dutenek, inposatutako generoari uko egiten dietenek, osasun instituzioen eta gizarte osoaren errepresioa jasotzen dute ordainetan. Zientziaren izenean osasun prozesu amaigabe eta transfoboetara kondenatuz, lantegi eta kaleetan bazterkeria betikotuz.

Larrialdi egoeran daude gure biziak, instituzioek erantzun bat zor digute, aurpegi  arbiketarako politikak alde batera utzi eta gure errealitate materialean eragin zuzena duten baliabideen beharra dugu.

Baina ez gara instituzioen zain egongo, gure borroka kalean da, transfobiari aurpegira begiratu eta erantzun zuzena emango diogu. Eta bai, edozein jarrera TERF ere transfoboa da, eta beraz, ez da feminista. Hor egongo gara eraso horiei ere erantzuna emateko, gure kide transei erresistentziarako eta borrokarako espazio seguruak sortzeko. Uribe Kostan ere erresistentzia gara, batu gure borrokara, batu borroka transfeministara, gure gorputzak ere aske nahi ditugulako.

Guk argi daukagu:

GORPUTZ OKER BAKARRA, GORPUTZ POLIZIALA!

GORA BORROKA TRANSFEMINISTA!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun