Alerta laranja olatu handiengatik

Erredakzioa 2020ko urr. 28a, 13:01

Artxiboko irudia.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatuko du gaur, eguaztenean, 13:00etatik 17:00etara eta bihar, eguenean, 01:00etatik 05:00etara eta 14:00etatik 17:00etara itsasaldeko arriskuengatik. Izan ere, ohartarazi dutenez, baliteke olatuek 7 metroko altuerara iristea.

Amaia Agirre alkateak Babes Zibilaren udal Plana, 0 fasean, jarri du indarrean eta Krisi Mahaia deitu ere, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre egiteko eta  Meteorologiako Zuzendaritzak  kostaldean inpaktuagatik iragarritako alerta laranjaren aurrean. Aurrekoetan bezala, Udalak Portu Zaharreko auzokideen elkarteari egoeraren berri eman dio, eta mezuak bidaliko dizkie arrisku aldeetako (Kirol Portua, Ereagako hondartza eta Portu Zaharra) merkatariei eta ostalariei. Era berean, Udalak Udal Turismo Bulegoa (itxita egongo da 13:00etatik aurrera) babesteko neurriak ere hartuko ditu eta lur-zakuak emango dizkie aipatutako guneetako establezimenduei. 

Olatu handiengatiko alerta laranjak irauten duen bitartean, arrisku guneetarako bideak zainduko ditu Udaltzaingoak eta, egoeraren arabera, aurretik oinezkoentzat eta zirkulazioarentzat itxiko ditu edo murriztuko ditu (Pedro Bilbao estatuatik Portu Zaharrera hondartzaren ondotik doan bidea, Arriluze kairako pasabidea Faroraino, Ereagako igogailutik Portu Zaharrera eta abar). Era berean, Udalak gogoratzen du alertak irauten duen bitartean hondartzetara sartzea debekatuta egongo dela.

Gomendioak

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak denboralea denean herritarrei egiten dizkien gomendioak, ondorio txarrak saihesteko eta ahal beste murrizteko, honako hauek dira: kostaldeko arriskuko uneetan agintaritza eskudunek emandako jarraibideak eta aholkuak bete behar dira; hondartzetatik eta olatuen eragina jasan dezaketen bestelako guneetatik ere aldendu; ez erabili itsasontzirik eta egiaztatu ondo amarratuta daudela. Ez egin inola ere uretako kirolik; ez sartu itsasora ezertarako; urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (arrokak, kai-muturrak, moilak) eta ez joan itsas-pasealekuetara, kai-muturretara edo labarretara. Itsasoak eraman egin zaitzake.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun