Metroko "okupazio" horren bitartez, Uribe Kostako Ernaiko gazteek sei eskakizun plazaratu gura izan dituzte:
- Garraio publikoa indartzea, maiztasun eta irisgarritasuna handituta.
- Alokairuen ordainketak etetea; baita prezioen igoerak ekiditea eta etxegabetzeak gelditzea ere.
- Oinarrizko errenta bermatzea sarrerarik gabe dauden edo galdu duten gazteei.
- Hezkuntza ratioak jaitsi, eta ikasleei beharrezko baliabideak bermatu.
- Lanpostuak defendatu; kaleratzeak ekidin eta gazteon prekarizazioagaz amaitu.
- Kriminalizazioa gelditu; herritarrei informazio eskubidea eta gardentasuna bermatu.
Ernai gazte antolakundeak zabaldutako oharra, osorik:
Azken asteetan koronabirusaren kutsatze-tasak gora egin du, eta neurriak gogortuko zirenaren ideia gero eta zabalduago egon da. Azken asteetako neurrien gogortzea eta alarma-egoeraren ezartzea mugarria izan dira, bigarren olatua deitzen ari direnarekin parez pare kokatu gaitu. Berriro ere azpimarratu nahi dugu arduratsuak izan eta elkar-zaintzearen garrantzia. Denon osasun eta bizitzari buruz ari gara, eta ardura kolektiboa daukagu beraz. Ernaiko militanteok ardura honekiko modu kontzientean jardun behar dugu.
Koronabirusak ertz-anitz dituen krisia azaleratu digula sarritan esan dugu azken hilabeteetan. Krisi sanitarioa izan baden arren, sistema kapitalista heteropatriarkala, eta beraz, gure bizitzak antolatzeko dugun eredua da krisian jarri dena, ez baitigu osasuna zaindu eta bizitzak sostengatzea ahalbidetzen. Beraz, egoera honi sistema kapitalista heteropatriarkalari eutsi asmoz erantzun nahi izatea antzua da erabat, eta soilik ekar ditzake zaurgarritasuna, prekaritatea, biolentzia eta bazterketa.
Hartu diren neurri gehienek ardura indibidualean jarri dute arreta, herritarrok gaixotzeagatik estigmatizatuak izan gara, eta zeharka beraz, pairatzen ditugun ondorio ekonomiko eta sozialen erantzule bihurtu gaituzte: zaintza sistemaren kolapsoaren erantzule egin gaituzte, gure arduragabetasunaren aitzakian ezarri dituzte tabernak ixteko agindua, etxeratze-agindua, mugikortasunaren mugapena… Ez dugu ukatzen norbanakoen jarduerak eragin garrantzitsua duela testuinguru honetan, berriro ere esaten dugu, arduratsuak izateko garaia dela. Baina hilabete guzti hauetan titular ponposoetatik harago ez dugu deus entzun osasun sistema eta bereziki lehen-arreta indartzeko estrategien inguruan, hezkuntzan itzulera seguru baterako protokoloen nahasmenduan mareatu gaituzte klaseetan 30 ikasletik gora elkartzen jarraitzen dugularik.
Berriki hartu dituzten neurriak logika orokor horren beste adibide bat baino ez dira. Alde batetik pertsonak produzitzen eta kontsumitzen duten kapitalismoari funtzionalak diren gorputz bezala ulertzen gaituzten neurriak dira, eta hori egiten jarraitu ahal izateko norabidean kokatzen dira: Lan egin dezakegu, ikasi, erosi, tabernetan egon, horretarako mila erraztasun ditugu; baina aisialdia mugatzen digute, lagunekin egotea oztopatu, kultura baztertu, militantzia kriminalizatu…
Gainera ardurak indibidualizatu eta, kontrol sozialean sakontzen duten neurriak dira: etxeratze-agindua, kontrol poliziala… kriminalizazio honen jomugan gaude eta egon gara gazteok. Aisialdi eta sozializaziorako dauzkagun espazioak itxi eta eskaintzak kendu dizkigute, ez gaituzte kontuan hartu ezertarako, eta gainera koronabirusa zabaltzearen ardura gurea dela behin eta berriz entzun behar dugu, irudi desitxuratu bat sortuz. Berriro ere, arduratsu jokatzeko deia gure egiten dugu, baina ez dugu onartzen gazteriaren kriminalizazioa eztabaida desbideratzeko erabiltzea. Ospitaleak kolapsatzear badaude ardura kolektiboaren lanketa pedagogikoa egin ez delako da, ekonomia kapitalista babesteko konfinamenduan ezarritako neurriak korrika eta presaka altxatu zirelako, ez delako alternatibarik landu eta osasungintza publikoa ez delako baliabidez hornitu.
Azkenik, norbanakooi begirako neurriak hartzearekin batera ez dira inolako neurri ekonomikorik hartu. Konfinamenduak gogortzearen aurrean ez dira babes sozialerako neurriak indartu, ez da alokairuen etete bat bultzatu, oinarrizko diru sarrerak bermatzeko sistemak, ERTEak… nahikoa izan gabe jarraitzen dute. Gazte askok ez dakigu alokairua ordaindu ahal izango dugun, langabeziaren zerrendak betetzen jarraitzen dugu enplegua suntsitzen ari delako eta lan esparru genituen horietan ez dugulako lanik aurkitzen… Neurriak hartzea beharrezkoa bada, pertsonak modu integralean ulertzen gaituzten neurriak izan behar dira.
Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartu beharreko neurriei buruzko eztabaida, eta irekitzen ari den krisi ekonomikoari aurre egiteko neurrien eztabaida korapilatuta agertzen zaizkigu. Koronabirusa geratzeko hartzen diren neurrien eztabaidarekin batera, bertan ditugu aurrekontuen eztabaida, Europako funtsekin zer egingo dugun… Eztabaida antzuetan korapilatu nahi gaituzten testuinguru batean aurkitzen gara, eta eskuin muturrak haserre soziala eta askatasunaren bandera kapitalizatzeko arriskua mahai gainean daukagu; horregatik osasuna VS ekonomia dikotomia faltsua gainditu eta ikuspegi integral batetik bizitzaz mintzatu behar gara: bizitzaren sostengagarritasunaz pandemia garaian. Hitz egin behar dugu osasun fisiko eta mentalaz, bizitza sostengatzeko behar materialaz eta oinarrizko eskubideetaz (elikadura, etxebizitza, energia, baliabide ekonomikoak), komunitateaz… hauek sostengatzeari buruz. Hau ezin daiteke egin sistema kapitalista heteropatriarkalaren ikuspegitik, nahitaez eraldaketa sozialaren norabidean izan behar du, Euskal Herri independente, sozialista eta feminista ipar. Estatuek dituzten baliabideak herritarren mesedetan jarri behar dituzte eta ez kapitalaren mesedetan.
Norabide horretan herritarrok izan behar dugu protagonista eta komunitateak egon behar du erdigunean. Horretarako herri eragileen aitortza eta protagonismoa ezinbestekoa da. Gazte independentista, sozialista eta feministok arrakala hau irekitzeko bultza egin behar dugu. Otzan eta geldirik nahi gaituzte, baina orain inoiz baino gehiago gure jardun politikoan sakontzeko tenorean gaude. Modu berriak sortu beharko ditugu, egoerari egokituak baina antolatuta jarraitu behar dugu. Azken hilabeteetan ikasten joan gara, horren kontzientzia hartu eta baliatu behar dugu.
Gazteak, beraz, ez gara geldirik etxean geratuko. Gure jardun militantearekin jarraituko dugu, inoiz baino garrantzitsuagoa delako eragiten jarraitzea. Sormena izango da gure lanabesa eta egoeraren baitan gure Herriaren eta komunitatearen beharretara moldatuko dugu gure militantzia.
Elkar zaintzeko antolakuntza bultzatzen jarraitu behar dugu. Berebizikoa izango da alternatiba politiko, sozial eta kultural bezala indartzen jarraitzea. Gure eguneroko jarduna balioan jartzea, gaztetxeetan, neska*gazte taldeetan, prekarietatearen aurkako borrokan… Gure herri eta auzoak inoiz baino biziago eta bizigarriago egitea gure ardura ere bada. Zaintzatik eta sormenez, gure herri eta auzoetan eragiten jarraituko dugu.