Igurtzia

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Astiz 2020ko aza. 6a, 14:31

Arte obra bat bilkura bat da. Halako gogoetaz beteta daudelako dira, besteak beste, harribitxi bat Marcel Duchamp artistaren lan koadernoak. Gogoan dut, adibidez, aitaren hiletan deskubritu nuela Fernando Aire Xalbador-en Odolaren mintzoa zela bere liburu kuttunetako bat. Edo hori esan zuen haren lankide batek, behintzat. Nik sekula ez nuelako aita literatura irakurtzen ikusi, baina, datu hura jakin eta gutxira jo nuen liburu horren bila, haren errima artean, aitaren azken urratsen hotsa harrapatuko ote nuen. 

Hiri turistikoetako brontzezko eskulturek demostratzen dute argien Duchampen esaldiaren azertua. Logika bera baita. Jendearen igurtziak mantentzen ditu dirdiratsu, bestela lohituak diruditen giza irudi horien esku, sorbalda edo bestelako atalak. Keinu horrekin, bertatik eskua pasa zuten guztiei ematen die eskua bisitariak.

Durangoko Plateruena itxiko dela jakitean etorri zitzaidan gogora Duchampena lehenik. Bilkurarako gune bat galduko baitu kulturak, orokorrean, eta euskal kulturak, konkretuan. Durangoko Azokan salmahairik ez dela egongo jakinarazi zutenean agertu zitzaidan Duchamp bigarrenez. Erakusmahaiz erakusmahai egindako paseorik gabe, euskal kulturarekin duen hartu-eman bakarra galduko duelako askok. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ere atzeratzea erabaki dute, eta ikusi behar txapelketa orokorrarekin zer. Galera handiak dira kulturgintzarentzat, orokorrean, eta euskal kulturarentzat, zehazki, euskalgintzarekin partekatutako bidegurutze horietatik kanpo, maiz ikusezina baita euskarazko sorkuntza. Pandemiaren eraginez, beraz, igurtzia galduko du euskal kulturak, gutxienez urte betez. Pisuzkoa da datua, ikerketen arabera igurtzi horrek ematen baitie euskarazko artelanei bilkura izaera. Gero, denon esku egongo da dirdira ere ez galtzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun