Hizkuntzaren zalantzategia

Aspektuaren erabilera okerrak, erdararen eraginez

Eunate Muruaga 2020ko aza. 7a, 13:32

Oraingo honetan, aditzaren aspektuarekin lotutako zalantzen inguruan arituko natzaizue. Horrelako kontuetan hanka sartzea ohikoa izaten da, askotan erdararen interferentziaz, baina baita analogia ustelak erabilita ere. Atal honetan gehien errepikatzen diren erabilera okerrak aztertuko ditugu.

Hasi aurretik komeni da azaltzea aditzaren aspektuak aditz-ekintza  bat burutua den ala ez adierazten duela. Hau da, ekintza hori amaitu den ala ez. Hiru aspektu-mota bereizten dira: burutua (jan du), burutugabea (jaten du) eta gertakizuna (jango du). Horiez gain, bada puntukaria deiturikoa ere (ekintza momentu horretan gertatzen ari dela adierazten duena). Aditz trinkoak dira azken horiek. 

Sarreran esan bezala, erdararen eraginez, baztertzekoak diren joera desegoki batzuk ari dira zabaltzen azken urteotan. Ezagut ditzagun batzuk:

Hainbatetan, etorkizuneko kontuez ari garela, aspektu burutugabea (-t(z)en) erabili ohi da. Adibidez: *Gero, joaten gara zinemara? (Joango gara zinemara?); *Eramaten nauzu? (Eramango nauzu?); *Hasten gara? (Hasiko gara?); *Esaten diozu, mesedez, gero joango naizela? (Esaiozu, mesedez, gero joango naizela); *Geratzen gara 17:00etan? (Geratuko gara 17:00etan?). Kontuan hartu oraindik gertatu ez den ekintza baten inguruan ari garela galdezka adibide guztietan, hortaz, gertakizuneko marka eskatzen dute.

Horrekin lotuta, ez da zuzena agintera-modu batzuetan aspektu burutugabea edo puntukaria (trinkoa) erabiltzea gertakizunekoaren ordez: *Goaz? (Joango (al) gara?). *Bueno, zer, goazen? (Joango gara?). 

Bestalde, oso hedatuta dagoen oker bat da «orainaldi historikoa» modu kalkatuan erabiltzea. Gaztelaniaz honelakoak irakurtzen ditugu behin eta berriro: Mozart nace en Salzburgo en 1756. Eta horren ondorioz, euskaraz: *Mozart Salzburgen jaiotzen da 1756an. Euskaraz, aldiz, aspektu burutua dagokie horrelakoei: Mozart Salzburgen jaio zen 1756an.

"Orainaldi historiko"-aren aldaera modukoa da "geroaldi historikoa". Erdaraz, hori ere iragan burutuaren monotonia hausteko erabiltzen da: Se casa en 1987. Al año siguiente fundará una sociedad... Euskaraz, baina, aspektu burutua dagokio, iraganean ari baita: 1987an ezkondu zen. Hurrengo urtean elkarte bat sortu zuen... Hala ere, monotono edo beti-batekoa iruditzen bazaigu, badago beste prozedura bat adizki-kateen astuntasuna arintzeko: aditza isiltzea. 1987an ezkondu, eta, hurrengo urtean, elkartea sortu zuen.

-ko aspektuko adizkien ordez -t(z)en aspektukoak erabiltzearen erabiltzez, beste molde bihurriago batzuetara ohitzen ari gara, horrela okerra zuzentzen dugulakoan. Horren adibide da mesedeak-eta eskatzean ahalera erabiltzea, gertakizuna erabili beharrean: *Ireki diezadakezu? (Irekiko didazu?). *Eman diezagukezue giltza, mesedez? (Emango diguzue giltza?). 

Hainbatetan, etorkizuneko kontuez ari garela, aspektu burutugabea erabili ohi da. Adibidez: *Gero joaten gara zinemara? (Joango gara zinemara?). Oraindik gertatu ez den ekintza batez ari gara galdezka, hortaz, gertakizuneko marka eskatzen dute horrelakoek.

Bada aspektuarekin lotuta zalantza ugari sortzen duen beste egitura bat. Nola behar du: "Laguna etortzen denean" ala "Laguna etorriko denean" emango dizut? Horrelakoetan, mendeko perpausa forma burutugabean (-t(z)en) joatea da ohiko moldea tradizioan, eta egitura hori da hobestekoa; esaldi nagusiak ematen die geroko balioa horrelako esaldiei. Hau da, esaldi nagusiak ematen digu etorkizuneko informazioa. Hona hemen: Patxi iristen denean hasiko gara bazkaltzen. Filma amaitzen denean, joan zaitez ohera. Baina ez da onargarria Patxi iritsiko denean esatea, esan bezala, esaldi nagusiak emango baitigu aspektuaren inguruan behar dugun informazioa (hasiko gara bazkaltzen).

Amaitu aurretik, komeni da zehaztea badirela zenbait jokamolde egoki, euskal literatura-tradiziokoak direlako, nahiz eta Euskaltzaindiak ez duen ezer arautu. Esaterako: -t(z)en forma burutugabearen erabilera puntukaria. Hau da, trinkorik ez duten aditzetan -t(z)en erabiltzea ekintza "oraintxe" gertatzen ari dela ulertuta: Sukaldetik entzuten dut autobideko zarata. Ezagutzen dut Koldo. Filmak eta istorioak kontatzen ditugunean, modu nahasian erabiltzen ditugu trinkoa eta burutugabea, balio berarekin: Mutila hasieran zalantzan dago. Gero, neskarekin ezkontzen da, baina ez da lasai geratzen... Badoa.... 

Izatez, badira beste hutsune batzuk aspektuaren inguruan, baina beste baterako utziko ditugu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun