Zientzia etxeko atarian

Herritarren Zientzia, naturarekin bat egiteko

Riki Mutuberria Zabala 2020ko aza. 9a, 08:15

Gaur egun, hiriguneetatik irten eta natur guneez gozatzea alternatiba osasungarria dugu. Eta ekosistemen sekretuekin topo egiteak are aberasgarriago bihurtzen du bizipena. Herritarren zientziak denek gozatzeko moduko egitasmoak, jarduerak eta baliabideak eskaintzen ditu. Hemen dituzue XXI. mendeko naturalista izateko zenbait proposamen.  

Baby boom delakoan edo aurreko belaunaldiren batean jaio zinetenok gogoan izango duzue natura gure inguruaren parte zela. Pentsatzen genuen natura baliabide agorrezina zela edo, besterik gabe, ez genuen pentsatzen, eta askok, nik neuk ere bai, hartaz abusatzen genuen, batzuetan modu ankerrean. Sugandilak, zapaburuak, kilkerrak eta bestelako bizidunak ehizatzea mutilen ohiko jarduera zen. Orain ikusten ari gara natura ikusteko modu horren emaitza.  

Zorionez, hurrengo belaunaldiek gero eta ingurumen-kontzientzia handiagoa garatu dute, eta errespetu handiagoa dute bizitzarenganako eta naturarenganako. Hala ere, bide luzea dugu aurretik, humanizazio-prozesu hori burutu arte, eta gu geu ere parte garen ekosistemekin harmonian bizitzeko.

Abentura, kirola, lorezaintza, begira egotea; hamaika era daude naturarekin bat egiteko. Zer iruditzen zaizue naturarekiko lotura egitea behaketa, esplorazio eta galdeketa zientifikoen bitartez? Herritarren zientzia ikerketa zientifikoa beste era batera antolatzean datza, herritarrek parte hartzeko aukera sortzeko, eta ikerketak zientziaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetan dituen helburuen artean oreka bilatzeko. 

Gidari ona izanda arte-museo bati bisita egitea interesgarriagoa den bezala, naturako bizipenak askoz aberasgarriagoak dira bizidunen sekretuak azalduko dizkigun ekologo, biologo, geologo edo beste "ologo"-ren batekin joanda. Natusfera, iNaturalist eta halako proiektuei esker, biologo, zientzialari eta naturalisten komunitate batekin atera gaitezke, smartphone bat eta interneteko konexioa baditugu, betiere. Esaterako, iNaturalist erabiliz aurkitzen dituzun espezieak identifikatu ahal izango dituzu, besterik gabe, haien argazki bat eginez; gainera, identifikatutako espezieei buruzko informazioa lortu eta partekatu ahal izango duzu, baita haien geolokalizazioaren berri eman ere. Gainera, argazkigintza maite duzuenoi Biodibersidad Virtual gomendatzen dizuet. Lankidetzan oinarritutako zientzia- eta dibulgazio-plataforma bat da, geolokalizatutako argazki digitalen hamabi galeria dituena, gaika antolatuta, eta bizidunen sailkapenaren arabera ordenatutako datu-basea osatzen dutena.   

Geologia interesatzen bazaizu, zure proiektua "Apadrina una roca" da. Haren bitartez, zugandik hurbil dagoen eremu geologiko bat babes dezakezu, eta interes geologikoko eremuak kontserbatzen eta haien segimendua egiten lagundu dezakezu.

Beste proiektu batzuen ardatzak kutsadura monitorizatzea eta ingurumena babestea dira. "Cities at Night" hiru aplikazio dituen web-plataforma bat da, espaziotik hartutako argazkiak baliatuz argi-kutsaduraren mapa globala sortzeko helburua duena. Xede bera du AZOTEA egitasmoak, baina kasu horretan parte-hartzaileek egindako argazkiak erabiltzen dira argi artifizialaren ondoriozko kutsaduraren mapa osatzeko.  

Itsas giroa baduzu gustuko, Observadores del Mar web-plataformak oso proiektu interesgarriak ditu, hala nola "Basura Marina" eta "Microplastic Watchers", herritarrek itsasoan dauden zaborraren eta mikroplastikoen adibideak erakutsi ahal izateko sortutakoak. 

D-noses proiektuaren eta haren "OdourCollect" aplikazioaren helburua gure inguruko usain atsegin eta ezatseginen mapa sortzea da. Parte hartzeko, zorionez, denok dugun sentsore oso fin bat beharko duzu: sudurra, alegia.  

Hainbat hirik, Bartzelonak esaterako, badute herritarren zientziako bulegoa. Bestalde, aipatutako proiektu hauek guztiak Zaragozako Ibercivisen Herritarren Zientzia Behatokiaren webgunean topatuko dituzu. Proiektu horietako batzuetan parte hartu ahal badugu ere, Euskadin aukera gutxi daude, eta euskaraz, hutsaren hurrengoa. Biook Elkarteak herritarren zientzia sustatu nahi du Euskadin; besteak beste, airearen kalitatea neurtzeko kostu txikiko sentsore bat sortu berri dugu. Sentsore hori ikastetxeetara eta herritarrengana ailegatzea da gure asmoa, arnasten dugun airea denon artean monitorizatu eta, horrenbestez, hobetu ahal izateko. 

Hirietako hegazti-kolonien bila

Txoriak maite badituzu, "SEO Bird Life"-k zure behaketak erabiltzen ditu zientzia-ikerketa egiteko eta hegaztiak kontserbatzeko. Plataforma horrek "Censos SEO Bird Life" izeneko app bat sortu berri du, hirietako hegaztien koloniak erregistratu eta monitorizatzeko. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun