Garazi Basterretxea eta Irati Perez

"Hasiera batean, proiektu intimoagoa izango zen"

Iker Rincon Moreno 2020ko aza. 11a, 10:02

Getxoko Tosu landan egindako erresistentziaren eta, oro har, munduan lurraren alde borrokatzen dutenen omenezko ipuin ilustratua kaleratuko dute laster Garazi Basterretxea getxoztarrak eta Irati Perez sopeloztarrak. Euskara batuaz ez ezik, sopeloztarrez ere argitaratuko dute.

Getxoko Tosu landan bizi izandakoen arrastoez osatutako ipuin ilustratua egin dute Uribe Kostako hiru emakumek, Arraro izenekoa. “Bertan egindako erresistentziari omenaldia egiten dio lanak, baita oro har munduan lurraren alde borrokatzen dutenei ere. Izan ere, lurra kentzen digutenean, zer gelditzen zaigu? Non da lurraren memoria?”, galdetu dute sortzaileek. 

Duela pare bat urte landatutako hazia da proiektua; orain, aldiz, beharrezkoak dituzten indarrak batu eta berau loratzen saiatuko dira Garazi Basterretxea eta Irati Perez, ipuinaren idazlea eta ilustratzailea, hurrenez hurren. Bertsio bi osatu dituzte, Maddalen Cuñadoren laguntzagaz. Hala, euskara batuan eta Sopelako euskalkian argitaratuko dute lana; “norberak gura duen bertsioa eskuratu ahal izango du”, azaldu dute. 

Ipuina kaleratzeko prest daude daborduko, hala ere, oraindino hura inprimatzeko eta banatzeko jendearen babesa zer-zelakoa izango den jakin gura dute gazteek. “Guretzat garrantzitsua da modu autogestionatuan kaleratzea lana, inolako dirulaguntza publikorik eskatu gabe”, azaldu du Basterretxeak. Horretarako, postaltxoak kaleratuko dituzte aldez aurretik, hamabost euroan erosi ahal izateko; ondoren, horiek eskuratu dituztenek ipuina jasoko dute trukean.

Iragana ez galtzeko

Baserria galdu bezain laster bere iragana ahazten duen emakume baten historia kontatzen du ipuinak. “Ideia da ikusaraztea gertatzen zaizun guztia oso lotuta dagoela inguruan gertatzen denarekin”, azaldu du Basterretxeak. Duela bost urte hasi zuen istorioari forma ematen, bere aitita bisitatzera zihoanean alzheimerraren errealitateagaz topo egin ondoren. Hala ere, proiektua zokoratu egin zuen, behin-behinean bada ere, uste zuelako ez zela garatzeko gai izango. Duela urte bi, aldiz, ideia komentatu zion Irati Perezi, bere ustez ipuinak ilustratua izan behar zuelako: “Istorioa egin nuenean irudiekin imajinatzen nuen”. Batu eta lanari ekin zioten biek. “Hasiera batean, asmoa zen proiektu intimoago bat egitea. Garazik idatzitakoa eta nik ilustratutakoa, baina guretzat gordeko genuena”, dio Perezek. Hala ere, azkenengo emaitza ikusi ondoren, lortutakoa “benetan polita” zela ondorioztatu eta zabaltzeko ideia bururatu zitzaien. “Oso ukitu emotibo hurbila duen gaia lantzen du ipuinak. Izan ere, Tosuko proiekturi lotuta dago kontakizuna, eta horrek jende asko zeharkatu du; oso berezia da niretzat. Nire ustez, garrantzitsua da egiten diren ekimenak, erresistentziak eta gertatzen diren historiak jaso eta ez ahaztea”, azaldu du ilustratzaileak. 

Horri lotuta, Arraro ipuin ilustratuaren bertsio bi kaleratuko dituzte: euskara batuan eta Sopelako euskaran. “Sopeloztarrez idaztea ere bada oroimenarekin eskutik datorren zerbait. Euskalki horren hiztunak galtzen hasi dira, apurka-apurka, eta horrekin batera baita hizkuntza bera ere”, ondorioztatu du Perezek; “azkenean, batuta doa dena: lurra, bizitzeko moduak eta hizkuntzak”. Hala, horri keinu bat egiteko eta bertoko euskalki hori bizirik mantentzeko, Maddalen Cuñadoren laguntza jaso dute; hark eroan du jatorrizko ipuina euskara batutik Sopelako euskalkira. 

Ipuinaren nondik norakoak

Egileek azaldu dutenez, ipuinaren hasieran Tosuko erresistentzia-kanpaldiaren historia kontatu dute, labur-labur. Hala ere, azpimarratu dutenez, bertan ilustratu gura izan dutena edozein leku izan daiteke, “tamalez, ez baitago mota horretako leku bakarra”. Ondoren, Irati Perezen eta Maddalen Cuñadoren amamei egindako eskaintza moduko bat topatuko dute irakurleek, “irudi eta guzti”. Izan ere, kontakizun osoan baserrien errealitatea gogoan eduki gura izan dute, “bion amonak baserrietan bizi izandakoak dira. Denak dauka lotura: sopeloztar euskalkia baserrietan mantendu den hizkuntza bat da; baserriak desagertzen ari dira; ondorioz, sopeloztarra bera baita ere”. 

Harrera ona

Lehenengo bertsioa prest izan eta segituan, gertukoen artean erakutsi dute lana. Egile biak irakasleak dira ofizioz, eta Basterretxeak azaldu duenez, ikasleei ipuina kontatu die inoiz. “Erantzun polita izaten ari da lana. Jendeari gustatu bazaio, zergatik ez dugu argitaratuko?”. Laster kaleratuko dituzte aurre-salmentarako postaltxoak, hamabost euroan. 

Aurre-salmentarako postalak

Arraro ipuin ilustratua autogestioaren bitartez argitaratu gura dute egileek. Horretarako, aurre-salmentarako postalak banatuko dituzte egunotan, 15 euroren truke.

Informazio gehiagorako: arraro.albumilustratua@gmail.com

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun