Naturaren behatokitik

Erralidoak, lezkadiko iratxo zuhurrak

Xabier Buenetxea 2020ko aza. 12a, 12:46

Kopetazuri arrunta erralido-espezierik urtarrena da. Gure inguruan Lertutxeko urtegian (Leioan) baino ez da ugaltzen. © XABIER BUENETXEA

Ilunabarrean egiten dugun osteratxoak lezkadira eroaten bagaitu, aukera izan dezakegu, noizean behin, erralidoak han daudela ohartzeko, landareen artean mugimendu bat sumatu edo haien kantu karrankaria entzunda. Baina gutxitan ikusi ahal izango ditugu, uzkurrak eta landare artean ezkutatzeko zaleak dira eta.    

*OHARRA: lotura duten hegaztien izenetan klik eginez gero, haien kantua entzuteko aukera izango duzue 

Gure hezeguneetan ibili ohi diren tamaina ertaineko hegaztiek osatzen dute Rallidae familia. Euren ezaugarrietako bat hein batean urtarrak izatea da, eta horregatik beha ditzakegu igeri egiten edo ur-bazterretan mugitzen, uraren gainean ere adore handiz lasterka ibiltzea ahalbidetzen dien hanka sendo eta atzamar luzeei esker. Bai hanka berezi horiek, bai euren mokoek kolore deigarriak izaten dituzte, espezie bakoitzean desberdinak: gorria, zuria, beilegia, orlegia, eta abar. Normalean ezkutatu egiten dira eta ez dira hegan hasteko zaleak; horregatik, haien hegoek eboluzionatu eta forma labur eta biribila hartu dute, baina horrek ez die eragozten lekualdatze eta migrazioetarako distantzia luzeak hegaz egitea. 

Uroiloak eta kopetazuriak

Gure eskualdean, espezie ugariena eta ezagunena uroilo arrunta da (Gallinula chloropus). Tamaina ertaineko hegaztia da, nahiko erraz beha dezakeguna ia gure hezegune denetan. Leku batetik bestera kontuak aldatzen badira ere, ugariagoak izaten dira inguru zabalenetan: Bolue eta Astrabuduko hezeguneak, Lertutxeko urtegia, Txipioko inguru gezak...

Dena dela, beste hezegune txiki batzuetan ere egoten dira, baita gure erreketako tarte lasaienetan eta ur-landareak dituztenetan ere. Uso baten tamaina izaten dute, eta lehen begi-kolpean guztiz beltzak dirudite, baina arretaz begiratuz gero, tonu berdexka nabarituko diegu, alboetan eta isatsaren aldean zuriuneak dituena. Nabarmenak dira, gainera, hanka berde-horixka luzeak, eta punta beilegia duen moko gorri ikusgarria, helduen kasuan. 

Uroiloa oso espezie arrunta da gaur egun, baina orain dela 30-40 urte benetan zaila zen behatzea, hezeguneetan izan ezik. Inguru hezeetan ehiza debekatu eta ibaiertzen eta ubideetako landarediaren kudeaketa aldatu izanak aukera eman dio ekosistema horiek berriro kolonizatzeko. 

Antzeko beste espezie bat kopetazuri arrunta da (Fullica atra), kolore ilunekoa ere bai, baina bestea baino sendoagoa eta urtarragoa. Moko zuri nabarmena du, kolore bizikoa, eta hura zabaltzen duen ezkututxoa du aurrealdean, zuria hori ere. Erralidorik urtarrena da, eta ur zabala duten inguruak nahiago ditu. Gure inguruan, gaur egun, Lertutxeko urtegian baino ez da ugaltzen, eta lantzean behin, migrazioetan, bisitan joaten da Bolueko hezegunera. Bikote bi hantxe ugaldu ziren 2005 eta 2008 artean.

Uroilandak, are ezkutuagoak

Beste erralido-espezie batzuk aurrekoak baino ikusgaitzagoak dira. Lumak askoz nabariagoak eta deigarriagoak dituzten arren, ezezagunagoak dira, jarrera iheskorra baitute eta beti landare artean ezkutatuta egoten baitira. Uroilanda handiez eta uroilandez ari gara. Azken horiei buruzko aipamenik ez dago ia, nahiz eta berriki uroilanda pikartaren (Porzana porzana) ale batzuk atzeman diren Boluen, batez ere apiril eta maiatz artean. 

Pikartak ez dira apartak tamainaz, eta jokabide zuhurra izaten dute. Puntu eta ildo nabarmenak dituzte paparrean eta bizkarrean, eta tonu argi bizia isatsaren azpian. Inoiz, haren senide uroilanda txikiak (Porzana pusilla) ikusi izan dira hezeguneetan. Ez litzateke harritzekoa espezie horietako aleak egotea hainbeste aztertzen ez diren hezeguneetan egotea, Astrabudukoan, esaterako.

Uroilanda handia (Rallus aquaticus) lezkadiko beste "iratxo txiki" horietako bat da. Zeharo iheskorra eta zuhurra da, eta bigarren erralidorik ugariena da, uroiloaren ondotik. Uroilanden antz handia du, baina handiagoa da, eta mokoa luze eta kolore gorri bizi eta berezikoa du. Bularraldea gris-urdina dauka, bizia eta bitxia hori ere, albo marradun eta guzti. Zaila da uroilanda handia behatzea, baina "erraza" da haren kantu karrankaria entzutea hezeguneetan, ibaietan eta lezkadi oparoak dituzten erreketan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun