Arte Eszenikoen etorkizuna irudikatuko du "Etorkizuneko mezuak" online kongresuak

Erredakzioa 2020ko aza. 12a, 10:58

Azaroaren 18an eta 19an “(Arte eszenikoen) Etorkizunerako mezuak” doako online kongresua egingo du Eskena elkarteak, bere 25. urteurrena dela eta, Getxoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babestuta. Ekimen horren helburua da jarduera eszenikoaz hausnartu, ideiak trukatu eta adorea emateko proposamen bat egitea, proposamen (ez hain erraz) baten bidez: bederatzi hizlarik arte eszenikoen sektoreak izango duen etorkizunari buruzko mezu batzuk plazaratu, hausnartu eta eztabaidatuko dituzte. Mezu horiek, era berean, hiru ikuspegitatik igortzen dira: iraunkortasuna, zentzua eta estetika, eta eszenako komunitatea.

Hainbat profiletako hizlariek arte eszenikoen etorkizuna irudikatuko dute hitzaldi laburretan. Batzuk eszenaren mundutik datoz, Andrés Lima, Juan Mayorga eta Calixto Bieito, adibidez; beste batzuk, literaturaren sektoretik, Remedios Zafra, adibidez; zenbait kultur erakundeen zuzendaritzatik, Fátima Anllo eta Sergio Oslé, adibidez; komunikaziotik, Arantxa Vela, eta arlo akademikotik, Fernando Bayon eta Lluis Bonet. Gainera, Karmele Jaiok eta Carlota Ferrerrek ere parte hartuko dute, arte eszenikoen etorkizunari dagozkion mezuak gehituz.

Kongresua eguaztenean, hilaren 18an, hasiko da, 10:00etan, Calixto Bieito, Juan Mayorga eta Fernando Bayonen hitzaldiakaz. Ondoren, 12:00etan, Lluis Bonet, Arantxa Vela eta Fatima Anllo izango dira. Hurrengo egunean, hilaren 19an, 10:30ean, Sergio Oslé, Andrés Lima eta Remedios Zafra. Ondoren, kongresua amaitzeko, Karmele Jaio eta Carlota Ferrerren mezuak helaraziko dituzte.

Bestalde, Getxoko Turismo Bulegoagaz elkarlanean, saioetan parte hartzen dutenen artean hiru bisita-pack zozkatuko dira: bazkari edo afari bat, hotel-gau bat eta kultura-jarduera bat gure udalerrian pertsona birentzat. Horrez gain, online kongresuari arte eszenikoetako profesionalei zuzendutako networking batek emango dio amaiera azaroaren 19an, 12:15ean, eta hiru atalen artean aukeratu ahal izango da: proiektu eszenikoak, irtenbide teknikoak edo logistika. Bilboko metroak ere ekimen horretan lagunduko du, bere espazioetako bat utziz (Moyuako geltokia), Eskenaren 25 urteak laburbiltzen dituen erakusketarako, kongresuaren etorkizunari buruzko mezuakaz batera, azaroaren 17tik abenduaren 13ra.

Eskenak 25 urte bete ditu Euskadiko konpainia eszenikoei ahotsa, espazioa eta aukerak ematen. Lankidetza eta partekatutako esperientzia ezagutza erabilgarria bihurtzen dute, jarduera eszenikoa sustatzeko, gure herrialdeko kulturaren toki garrantzitsura goratuz. Gaur egun, eszenatokietan etorkizun hobea eraikiko duten konfiantzaz berritzen dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun