Historiaren ganbara

Uribe Kostako fauna, duela 400.000 urte

Urria da tamaina handiko animalien ondare paleontologikoa Bizkaian. Askotan, ez dakigu dagoeneko desagertu diren animalien arrastoak dituzten aztarnategiak daudela gure inguruan; askotan, ez genuke imajinatuko zer-nolako animaliak egon ziren gaur egun guk zapaltzen dugun lurraldean. Uribe Kostan, duela milaka urte, askotarikoak izan ziren.

Tamaina handiko animalien ondare paleontologikoa urria da Bizkaian. Askotan, ez dakigu dagoeneko existitzen ez diren animalien arrastoak dituzten aztarnategiak ditugula gure artean; ez genuke imajinatuko ere zer-nolako animalia-motak egon ziren gaur egun guk zapaltzen dugun lurraldean. Uribe Kostan askotariko animaliak bizi ziren duela milaka urte, garaiko gizon-emakumeekin batera. Duela gutxira arte, guztiz ezezaguna zen zer-zelako harremana izan zezaketen gizakiek garaiko animaliekin, baita zer motatako animaliak ziren horiek ere. Gure imajinazioarekin irudikatu behar genuen zelakoa zen egoera. Hala ere, 1988an, Punta Luzeroko aztarnategia aurkitu zenean, errealitatea argitu zen, gutxi bada ere. Aztarnategi hori arrasto fosilak dituen aztarnategirik garrantzitsuena eta zaharrena da Bizkaian.

Galeako gotorlekuaren aurrean, Punta Luzeron, zientzia fikziozkoak diruditen animalien aztarnategia dago. Animali horiek Ibaizabalen arro bietan ibiliko ziren duela milaka urte; garai horietan ez zen alde batetik bestera gurutzatzeko arazorik egongo. Izan ere, kostaldea gaur egun baino bost kilometro urrunago zegoen; pentsa dezakegu, bada, itsasadarraren alde bien artean ibilgu txiki bat egon zitekeela. 

Duela 400.000 eta 600.000 urteen artean, animalia bat, litekeena da bisonte bat edo uro bat, gaur egun Punta Luzero izenarekin ezaguna dugun mendiko amildegi batetik jausi zen; lau metroko diametroa eta zazpi metroko sakontasuna zuen zuloak, eta ezinezkoa zitzaion animaliari bertatik irtetea. Haren orroek edo berau hil ondoren zabaldutako haratustel-usainak haragijale gosetuak erakarriko zituen bertara, eta horietako asko amildegitik erori ziren, sakontasun horretara betiko kondenatuta. Denborarekin, ahuntzak, bisonteak, uroak, otsoak eta sable horzdun ugaztun handiak jausi eta hil ziren amildegi horretan. Apurka, sedimentuek tranpa hori estali zuten eta, milaka urtez, ezer gutxi jakin da horretaz, 80ko hamarkadan, Bilboko portua handitzeko mendi horretan kaliza lortzeko harrobia zabaldu zuten arte. Orduantxe topatu genituen animalia horien hezurretako batzuk, hondeamakinek jatorrizko amildegiaren hormetako bat suntsitu ondoren. 

Aztarnategiaren berri eman genion Bizkaiko Foru Aldundiari, eta Pedro Castaños paleontologoa eta biok induskatu genuen ingurua. 28 urte geroago, fosilen artean orain arte EAEn, baita Kantauri isurialde osoan ere, ezezagunak ziren espezieak atzeman zituen ikertzaile-talde batek; aurkikuntza horren berri eman zuten Quaternary Science Reviews aldizkari zientifiko garrantzitsuan.

Hala, esan genezake Uribe Kostan bisonteak, uroak, ahuntzak, errinozeroak, jaguarrak, sable horzdun tigreak eta otsoak zeudela orain dela 500.000 urte inguru. Animalia horiek denak, belarjaleak batez ere, gizakien jomuga ziren; horren adibide argia dugu Sopelako Moreagako aztarnategia: orain dela 400.000 urteko gizakiek egindako harrizko armak eta erremintak agertu dira bertan.

Paisaiari dagokionez, larreak eta gaur egungoekin alde handirik ez duten zuhaitzez jositako basoak zeuden eskualdean; hala ere, basook itxiagoak izango ziren, eta biodibertsitate handiagoa izango zuten. Dena den, bertan zeuden animalia asko desagertu egin dira denborarekin; arraroa litzateke gure inguruan horiek ikustea gaur egun.

Punta Luzeroko aztarnategian aurkitutako fosilei esker jakin dezakegu zeintzuk animalia egon ziren Uribe Kostan. Hala, jakin dezakegu megazeroak egon zirela; ahuntz erraldoiak ziren, 250 zentimetroko adarrak eta beste horrenbesteko altuera zutenak; erraldoiak, gaur egungo animaliekin alderatuta. Errinozero handiak ere topatu dira, baita bisonteak eta uroak ere; bigarrenak, gaur egun ezagutzen ditugunak baino handiagoak ziren; uroak ere, behien aitzindariak ziren, eta handiagoak ziren. Era berean, horien harrapariak ziren otsoen, hienen, azerien eta sable horzdun tigreen eta jaguarren arrasto fosilak ere topatu dira hemen, besteak beste. 

Garai latzak dira. Ia egun batetik bestera gure bizimoduak hankaz gora jarri ditu birus batek, eta kolokan daude gauza asko. Hedabideontzat ere ez dira garai gozoak, noiz eta gure lanaren beharra inoiz baino agerikoagoa denean. Horregatik, zure laguntza materiala ere behar dugu aurrera jarraitzeko.

Honenbestez, HIRUKAlagun egitera animatzen zaitugu, urtean 35 euroko ekarpena eginda, edo gure 5. urteurrena dela eta martxan ipini dugun Eman Bostekoa HIRUKAri kanpainan parte hartzera (bost euroko ekarpena eskatuko dizugu). Horretarako, jarri gugaz harremanetan administrazioa@hiruka.eus helbidera mezu bat idatziz.


Izan zaitez HIRUKAlagun