Albiste honen jatorria sare sozialetan zabaldu den argitalpen batean dago. Horren arabera, pertsona batek ohartarazten zuen ezezagunek bere txakurra hondartzan lapurtzen saiatu zirela, udaltzaingoak horren berri zuela gaineratuz. Argitalpenean azaltzen zenez, furgoneta zuri bat gidatzen zuen hirukote bat zebilen Getxo eta Sopela inguruan txakurrak lapurtu guran. Mezuak zioenez, heltze-txakurrak ari ziren bilatzen, ustez Artxandan egingo zen txakur-auska edo borroka baterako.
El Correo egunkariak gaur zabaldu duenez, baina, Getxo, Sopela eta Bilboko udaltzaingoek informazioa ezeztatu dute, eta azaldu dute ez dutela inolako salaketarik jaso; ez lapurretarik ezta txakur-auskarik ere ez. Hala ere, horrelakorik geratu den ikertzen jarraituko dutela adierazi dute.