ehBioeraikitzen elkartea

"Bioeraikuntza beti egon den zerbait da"

Ander Zarraga 2021ko urt. 5a, 11:37
Auzolanak egiten dituzte herritarren artean errdu hori zabaltzeko. © EHBIOERAIKITZEN

Gaur egungo ohiko eraikuntza-industriak ingurumenean eta pertsonengan sortzen duten kalteaz kontzientziatuta, ehBioeraikitzen elkarteko gazteek bestelako eredu jasangarri eta naturalagoa proposatzen dute: etxe-ondoko materialakaz egindako eraikinak.

Askotariko diziplinetako gazte-talde batek osatzen dute ehBioerakitzen elkartea: arkitektoak, arte ederretakoak, psikologoak eta ingeniariak; baina denek dute helburu bera: ingurugiroa defendatzea eraikuntza-eredu jasangarriago baten bitartez. Horretarako, etxe-ondoan aurkitu daitezkeen materialetara eta eraikuntzaren sustraietara jo dutela dio Antxon Alkalde elkarteko arkitektoak. Lastoa, buztina eta karea bezalako material xumeak erabiltzen dituzte beraien lanak egiteko: "Beti hor egon diren materialak dira, baina industrializazioak beste material batzuengatik ordezkatu ditu, hala ere, horrek ez du esan nahi txarragoak direnik".

Zaborragaz oso lotuta dagoen zerbait dela dio Alkaldek; izan ere, eraikuntzaren industriak zabortegietan amaitzen duten hondakin asko sortzen ditu. Bioerakuntzan, berriz, erabiltzen diren materialak bertan birzikla daitezke. "Gainera, osasuntsuagoak dira, ia ez direlako moldatu behar eta ez diegulako osagai kimikorik jartzen", gaineratu du. 

Ekimen horiek hedatzeko, ehBioerakitzenekoek ikastaroak, auzolanak eta proiektu pribatuak partekatzen dituzte. Hala, elkartekoek materialak eta esperientzia jartzen dute, proiektuak auzolanaren eta ikastaroen bidez bultzatzeko. 

Asteburu honetan, urtarrilaren 9an eta 10ean, material natural eta askotariko teknikak erabilita, tabikeak egiten ikasteko tailer bat egingo dute Meñakan. Aurrerago ere mota horrelako ikastaroak, kooperazio proiektuak eta egitasmoak ere egingo dituztela aurreratu du Alkaldek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun