Euskal presoen etxeratzearen aldeko mobilizazioak deitu dituzte urtarrilaren 9rako Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2021ko urt. 6a, 09:46

Gabonetan ere euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko kalejira egin zuten Algortan. © SARE ALGORTA

Egun bizi dugun alerta- eta osasun-egoerak baldintzatuta, ezinezkoa izango da aurten Bilboko kaleak betetzea euskal preso eta iheslarien etxeratzea aldarrikatzeko. Hala, bestelako planteamendu bat egin du Sarek zapatu honetarako, hilaren 9rako: manifestazioak herriz herri eta auzoz auzo egitea. Izan ere, deitzaileek gogoratu dutenez, euskal presoek Euskal Herriko espetxeetan egoteko eskubidea dute, "legeak hala jasota". Ondorioz, aurten ere, aldarri hori lehen lerroan jarriko dute, "senideei orokorrean, eta, bereziki, haurrei eta nagusiengan duen eragin zigortzailea ahaztu ezinean".

Aurtengo mobilizazioakaz urruntze-politikari "behingoz" amaiera ematea eskatu gura du Sarek. Azaldu duenez, aldaketa batzuk ematen hasiak diren arren, "oraindik ere ez da benetako hauturik egin urruntze politikarekin amaitzeko". Bestalde, euskal presoei "sistematikoki ukatu" izan zaien eta etxerako bidea ahalbidetzeko behar-beharrezkoa den gradu progresioa ezartzea aldarrikatuko dute zapatuan. Izan ere, Sarek gogoratu duenez, oraindik orain 107 dira lehen graduan jarraitzen duten presoak, "eskubide ugari murrizten zaizkielarik".

Horregatik denagatik, hasi berria den 2021 honetan, salbuespenezko espetxe-politikaren aldaketaren urtea eskatuko dute Euskal Herriko 200 herri eta auzo baino gehiagotan, "ezinbesteko baldintza baita konponbidearen bidean eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiten jarraitzeko. Eta horretarako, gu guztion aktibazioa eta kalean aldarri hau zabaltzea ere behar beharrezkoa dugu. Horregatik jendarte osoari dei egiten diogu, mobilizazioetan parte hartu eta ibiltzen hasiak garen bidearen parte izateko".

Uribe Kostan mobilizazio hauek deitu dituzte:

  • Itzubaltzeta/Romo-Areeta: 17:30ean Xake plazatik abiatuta.
  • Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Barrika: 17:30ean Gorlizko udaletxe plazatik abiatuta.
  • Urduliz: 17:30ean metro-geltokian. Amaiera ekitaldia udaletxearen aurrean egingo dute, 18:00etan.
  • Berango: 17:30an Nagusien Etxearen aurrean.
  • Sopela: 17:30ean udaletxe plazatik abiatuta.
  • Leioa: 17:30ean Bulebarrean.
  • Algorta: 17:30ean Telletxe plazatik abiatuta.
  • Erandio: 17:30ean Altzagako metro-geltokitik abiatuta.

Sare Erandiok Obieta kalea betetzeko deia egin du

Erandioko Sare taldeak bost puntutan jaso ditu zapatuan, urtarrilaren 9an, kalera irten eta euskal presoen aldeko aldarrikapenak egiteko:

  1. Presoen oinarrizko eskubideak baliogabetzen dituen salbuespenezko espetxe-politika berehala indargabetzea eta espetxe-lege arrunta betetzea.
  2. Gaixo dauden eta 70 urtetik gora dituzten preso guztiei berehalako askatasuna ematea, indarrean dagoen espetxe-araudia aplikatuz.
  3. Motxiladun haurrek aitarekin eta amarekin egon behar dute.
  4. Preso guztiei etxera itzultzea ahalbidetzen duen graduen progresioa aplikatzea.
  5. Erandioko Gorka Martínez Ahedoren berehalako askatasuna, zigorraren ¾ beteta dauka eta. 

Azaldu dutenez, denera 150 auzokide baino gehiagok, eta hainbat esparrutako pertsona erreferentek, atxikimendua eman diote manifestu horri. Udal-talde politikoei dagokionez, EH Bilduk bat egin du horregaz; Elkarrekin Podemosek, aldiz, testu orokorrari "baietza" eman dio, eta EAJk gaur-gaurkoz oraindino ez du adierazpenik egin horren harira, Sarek azaldu duenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun