Gaur egun, espainiar Estatuko eta eskualdeko araudiek ezarritako birziklatze helburuetatik urrun gaudela jakinarazi du Ekogunek, Mankomunitateko Iraunkortasun Sailak. Horregatik, hondakinen bereizketa modu egokian egitea bultzatu gura dute Mankomunitatea osatzen duten herrietan totem informatiboak jarrita. Kanpaina horren bitartez, egunero etxean sortzen ditugun hondakinei buruzko zalantzak argitu gura dituzte; zaborra zein edukiontzitara bota behar den, batez ere.
Urtarrilean Plentziako Ontziola plazan egongo dira Totem biak, baina hurrengo hilabeteetan zehar beste herrietara mugituko dituzte. Totem horietan agertzen den QR kodearen bidez, "Birziklatu, zalantzarik gabe" izeneko informazio-liburuxka deskargatu ahal izango dute herritarrek. Informazio-liburuxka horretan, besteak bete, CDak, DVDak eta jostailuak plastikozko ontzien edukiontzi horira bota behar ez direla argitzen da, eta brikak ez direla edukiontzi urdinera botatzen, baizik eta horira.
Horretaz gain, organikoaren gaikako bilketarako sistemarako edukiontzi marroia erabili ahal izateko, Udalean izena eman behar dela ere informatzen da bertan. Izan ere, etxeko hondakin organikoen banaketa premiazkoa da, gaikako bilketako helburuak lortu ahal izateko.
Ekogune ikastaroak
Mankomunitatearen Iraunkortasun Sailak 2021eko lehen hiruhilekoan egingo diren ikastaroetarako izen-ematea ere zabalik dauka, honako ikastaro hauetarako:
- Musukoa egin, patroiak erabiliz, lau tamainatan.
-
“Musuko zorroa” egitea, poltsan edo eskolako motxilan eramateko.
-
Gailetak gordetzeko potea, birziklatutako latorria erabiliz.
-
Hozkailuan oharrak jartzekoa.