Elektrizitatearen garestitzea salatzeko mobilizazioak deitu dituzte

Iker Rincon Moreno 2021ko urt. 12a, 11:05

Elektrizitatearen prezioa % 27 garestituko dela iragarri dute. CC-BY torange.biz

Azken egunotako argindarraren prezioaren garestitzea dela eta, herri-protestak iragarri dituzte biharko, urtarrilaren 13rako, Iberdrolak Bilbon daukan bezeroentzako arreta-puntuetan. Horrez gainera, enpresa elektriko horrek Uribe Kostan dituen bulegoetara jo eta bertan kexak tramitatzeko deia ere egin dute.

Joan den astean argindarraren prezioa % 27 garestituko zela publiko egin zenetik, ezinegona hedatuz joan da zenbait herritarren artean. Horren aurrean, Iberdrola enpresa-elektrikoari kexak bideratu eta mobilizatzeko deia egin dute. Hala, bihar, eguaztenean, Bilboko Colon de Larreategi kaleko 15 zenbakian Iberdrolak daukan bezeroentzako arreta-puntuan protesta egiteko deialdia egin dute deitzaileek. Horrez gainera, enpresa elektriko berberak Uribe Kostan dituen arreta puntuetara jo eta bertan kexak tramitatzeko deia ere egin dute.

Deitzaileen berbetan, "enpresa elektriko handiek aberasten jarraitzen duten bitartean, milaka eta milaka pertsonek ezin izango dute euren berogailua piztu egun hauetan". Era berean, garestitzea hotz-boladaren erdi-erdian egitea salatu dute, "aspaldiko elurte handieneko denboraldi betean".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun