Joan den barikuan, urtarrilaren 8an, Uribe Kostako hainbat talde ekologistek bilera bat egin zuten datorren urtarrilaren 30ean EAEn egingo diren mobilizazioen harira. Azaldu dutenez, "Aldaketaldia" izeneko protestaldi horiek Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratuz egingo dira, “Ondo bizi eta bizitzen uzteko, U30 Aldaketaldia, planeta hemen hasten delako", leloaren pean. Tokian tokiko mobilizazioak egingo dira, eskualde bakoitzean ingurugiroagaz loturik dauden tokiko gatazkak ikusarazteko.
Bildutako eskualdeko talde ekologistek bileran erabaki dutenez, urtarrilaren 30ean mobilizazioak egingo dituzte Uribe Kostan. Datozen egunetan emango dute mobilizazio horien zehaztasunen berri; izan ere, eskualde mailan ekologiaren aldeko borrokan koordinaturik jarduteko asmoa eta gogoa erakutsi dute.
Hauek dira oraingoz mobilizazioen prestaketa-lanetan parte hartu duten taldeak; datozen egunetan talde gehiago batzea espero dute: Azkorri Bizirik, Getxoko Auzokideak, Asociación de Afectados por el rio Gobela, Sopelako Hipermerkatuari Ez!, Berango Lurraren Defentsan, Gune Ekosozialista, Erandioko Auzokideok, Auzokoa Herrikoi Elkartea, Herri Bideak Kate Barik, Plataforma por la defensa de la Vega de Lamiako, Leioa martxan, SOS Kurkudi eta GuNe Uribe Kosta.