Txitxipozo

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Astiz 2021ko urt. 26a, 09:47

Maider Lopez artistaren "Parkings" serieko argazkia. © Maider Lopez

Barreguraraino maite dut Maider Lopez artistak sortutako "Parkings" argazki seriea. Ofizialki aparkaleku izan gabe ere aparkaleku funtzioa betetzen duten belardi, errepide bazter zein asfalto puskak erakusten dituzte irudiek, eta, auto bakoitzarentzako espazioa zehazten duten marra zuri koadrikulatuen faltan, antolaketa ulertezinak hartzen dituzte ibilgailuek arautu gabeko espazio horietan. Norabide eta ordena argirik gabeko multzoak osatzen dituzte han-hemenka, edo taldetik aparte geratzen dira beste batzuk, ez dago argi zergatik. Bi auto gorri han, kamioi solte bat erdialdean, ezkerretarantz batzuk, diagonalean besteak... Artistak azaltzen duenez, behin-behineko aparkaleku horiek husten ari diren unea harrapatzen dute argazkiek, eta, testuingururik gabe daudelako dute hain itxura komikoa autoek. "Aurrena iritsi ziren eta beste autoen posizioa baldintzatzen zuten autoak joan egin dira; gelditzen diren autoak itxuraz zentzurik ez duten posizioetan daude". Guk jada ulertu ezin dugun logika jarraitu dute autoek.

Hain justu, Erandioko Tartanga izeneko berdegune soilaren bueltan paseoan genbiltzala aritu ginen bikotea eta biok aurrekoan, halako gune ez-arautuen hasierako urritzeaz eta ondorengo desagerpenaz. Gure belaunaldiaren nondik norakoaren ikurtzat jo genuen. Bion haurtzaroko paisaiaren parte ziren legedi eta kode zehatzik gabeko hiri-gune zehaztugabe horiek: marra zuririk gabeko parking kaotikoak, eraikin arteko belardietako padurak, sastrakaz betetako belardi urbanoak... Ordea, nekez biziko dute halakorik gure seme-alabek geroz eta kodifikatuago dauden eta zurrunagoak diren hiriotan. Eta, bistan denez, koronabirusaren osasun krisiak nabarmen azeleratu du prozesua, agintariek ezarritako ordutegi muga, espazio bakoitzak har dezakeen gehienezko jende kopuru eta burbuila taldeekin.

Europa parkea izeneko eraikin multzoak hartzen du egun garai batean Txitxipozo izenez ezagutzen zen padura seguruenik ez osasuntsu eta garbiegia, adibidez. Eta Tartanga berdean ere, marra zuzen zorrotzez daude zehaztuta pertsonentzako esparruak, umeen jolaserako jolas parkea zein txakurrek kaka eta txiza egiteko gunea. Areago, Altzaga auzoko berdegune bakar hori ere mehatxupean baitago, zergatik izango, eta (o sorpresa) etxebizitza eraikin gehiago egiteko, justifikazio bereziki landurik eman beharrik gabe.

"Arrazoiaren ametsak munstroak sortzen ditu". Ezagun da Francisco Goya pintorearen grabatuaren izenburua. Eskerrak, Tartangako proiektua oraindik amaitu gabe den bitartean, umeek baduten aukera Jado ikastetxe pareko aparkaleku ilun, zikin xamar eta erregulatu gabera joateko, gurasoon desesperaziorako. Gune ziztrin horretako putzuetan jolasean, desagertzen ari den mundu zabalago baten azken uretan dabiltza txipli-txaplaka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun