Josu Landaluze jeltzalea Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateko presidente berria izendatu zuten eguaztenean, urtarrilaren 27an, egin zuten osoko batzordean. Bilera horretan, Nagore Utxupi (EAJ) Gorlizko alkatea presidente-ordea ere izendatu zuten. Osoko batzordeko 15 ordezkarietatik 13k Landaluzeren alde bozkatu zuten (EAJ 11, PSE-EE 1 eta Gorlizko Talde Independentea 1); EH Bilduko ordezkariak berriz abstenitu egin ziren.
Modu horretan, azken hamar urteetan Mankomunitateko presidentea izan den Anabel Landaren lekua hartuko du Landaluzek. "Eskerrak eman nahi dizkiet guztiei, bai unerik lasaienetan bai gogorrenetan erakutsitako ahaleginagatik, dedikazioagatik eta konpromisoagatik”, adierazi du presidente berriak.
Era berean, Landaluzek Mankomunitatean lan egiten duten profesionalen lana ere goraipatu du: “Zalantzarik gabe, funtsezko pieza dira, beren ahalegin eta profesionaltasunari esker, udalerri guztiak gara lan horren onuradun”.
Legegintzaldiaren hasieran adostutako ordezkapena dela adierazi du presidente berriak, eta azpimarratu du une egokia dela trantsizio ordenatua egiteko. Sopelako alkatetzan bi urte daramatzan jeltzaleak konfiantzazko boto hori ohorea dela ere adierazi du. Halaber, gaineratu du gehiegizko esfortzu horrek ez dakarkiola inolako arazorik; aitzitik, erronka pertsonal gisa hartzen duela onartu du.
Landaluzek Mankomunitatean ordezkatuta dauden udalerrietako biztanleen kezka eta eskaerei erantzuteko lan egingo duela aurreratu du: "Gaur egun mankomunitateak eskaintzen dituen zerbitzuak indartu eta hobetzeko lan egingo dugu, eta eskualdeko herritarren beharrei erantzungo diegu".
Presidente berriak datorren otsailean antolaketa berria aurkezteko beste osoko batzorde bat egingo dutela jakinarazi du.