Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri duenez, bizikletentzako eta oinezkoentzako bulebarrak itsasadarraren eskuinaldeko ertza Bilbotik Getxora lotuko du. Ibaia zeharkatuko duen zubi bat ere eraikiko dute, Erandio eta Barakaldo artean. Lanok 2024 urtearen amaieran bukatuta egotea aurreikusi dute; horretarako, 36,5 milioi euroko inbertsioa egingo dute.
Erandioko (Aitziber Oliban), Getxoko (Amaia Agirre), Leioako (Iban Rodriguez), Barakaldoko (Amaia del Campo) eta Bilboko (Juan Mari Aburto) alkateakaz eta Imanol Pradales Azpiegituretako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuagaz batera egindako aurkezpenean, Bizkairako funtsezko proiektua dela azpimarratu du Rementeriak. Halaber, egitasmoak 600.000 biztanle ingururen mugikortasuna hobetuko duela adierazi du.
Lanak 2022ko bigarren erdian hasiko dituztela adierazi dute, oraindik zubiaren eta bulebarraren ezaugarriak eta trazadurak definitzen ari baitira. Momentuz, bulebarrak ahalik eta zabalera handiena izango duela, eta oinezkoentzako eta bizikletentzako eremu bereiziak izango dituela aurreratu dute.
Bulebarra egiteko aurreikusi duten inbertsioa 20 milioi eurokoa da, eta zubia egiteko, aldiz, 16,5 milioi eurokoa. Horren egitura mugikorra izango da, itsasadarrean zehar nabigatzen duten ontziak azpitik pasatu ahal izateko; bestalde, oinezkoentzako eta bizikletentzako bakarrik izango dela zehaztu dute.