Gaurtik aurrera, Jaurlaritzak astean birritan berritzen duen herrien koloreak ez du eraginik izango tabernak zein jatetxeak itxi edo irekitzeko, oraingoz. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiak gaur aztertu du auzia, eta erabaki du ostalariek eskatutakoa behin-behinean onartzea, argudiatuz "indarrean dauden neurriekin ostalaritza ez dela osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua".
Ez da behin betiko erabakia, ordea; denbora gehiago hartuko du EAEko Auzitegi Nagusiak auziaren muina aztertu eta ebazpen bat emateko.
Ostatuetan indarrean diren murrizketak
Irekiera baimendu badiete ere, ostalaritzako establezimenduek beste hainbat murrizketa bete beharko dituzte. Besteak beste, 20:00etan itxi eta 06:00etan zabaltzea, gehienez edukieraren % 50 betetzea, pertsonen artean metro eta erdiko distantzia gordetzea, gehienez lau pertsona biltzea mahai baten inguruan eta zutik edo barran ez kontsumitzea.
Artikulu hau ARGIA.EUS-ek idatzi du eta cc-by-sa lizentziari esker argitaratu dugu HIRUKAn