Birus itxurako lanpara biraka zebilen zoro-zoro, distira itsugarriak noranahi barreiatuz. Eta okerrena, Fermaten gelako hormak mugitzen ari ziren, gelaren barrunbea estutzen. Ni nentzan oheak ere dar-dar egiten zuen nabarmen. Laster hasi ziren gelako altzari eta edergailuak erortzen eta suntsitzen, bai eta dolare geldiezin haren erdirantz batzen ere, zarata gorgarriak eraginez. Paretan erdi zintzilik lotzen zen azken margolaneko paisaiari benetako euria zerion, kaos haren larrigarri. Orduan nire begiek espantuz ikusi zuten zelan amiltzen zen zutik zirauen apal bakarreko azken liburua anabasa zentripeturantz. Jauzi egin nuen ohetik, barne indar batek bultzatuta, eta liburuari airean oratu nion. Bizkarrez jausi nintzen talo informe erraldoiaren erdian, ur zipriztinek aurpegia bustitzen zidatela, eta errediza birrinketaren harrabotsak belarriak zulatzen zizkidala. Orduan liburua ireki nuen, eta haren orrien artean desagertu nintzen, enparedadore eroaren muturraren aurrean.