Sakonean

Pobrezia energetikoagaz bukatzeko estrategiak

Ander Zarraga 2021ko ots. 16a, 16:06

Asko dira elektrizitatearen eta gasaren fakturak ordaintzeko arazoak dituzten familiak; gainera, pandemiaren ondorioz, ezintasun hori areagotu egingo dela pentsatzeko arrazoiak daude. Erakunde publikoek hainbat diru-laguntza ematen dituzte horri aurre egiteko, baina ez litzateke zentzuzkoagoa izango merkatua eta energiaren kontzeptua bera aldatzea?

Urtarrilaren erdialdean alarma guztiak piztu ziren elektrizitatearen prezioak maximo historikoak hartu zituenean; Filomenaren hotzaldi betean, batez beste, fakturak % 30 garestitu ziren. Herritarren eta erakundeen haserrea berehalakoa izan zen, eta hainbat lagun kalera atera zen garestitze hori salatzera. Handik aste gutxira, baina, energia eolikoak izugarrizko gorakada izan zuen, eta prezioek behera egin zuten, ia lehengoratzeraino. Dena dela, hainbat familiak pairatzen duten pobrezia energetikoaren mehatxua ez da berria, gaur-gaurkoz denon ahotan egon den arren; izan ere, igoera horrek agerian utzi du zein babesgabe dauden herritarrak, merkatuen gorabeheren menpe.

Arartekoaren arabera, baliabide energetikoen faltak eta tenperatura hotzetan luzaro bizitzeak pertsonen osasun egoera kaltetzen du: arnas-gaixotasunak izateko aukera ugaritu egiten da, eta artritis edo erreuma bezalako gaitzak larriagotu daitezke, besteak beste. Zaurgarritasun egoeran dauden familien diru-iturrien zati handiak fakturak ordaintzeko bideratu behar izateak ere egoera eskas hori areagotzea dakar. 

Bestalde, zaurgarritasun energetikoa kontzeptu dinamiko gisa ulertu behar da, familiei eragiten dizkieten barne- eta kanpo-faktoreak askotarikoak eta aldakorrak izan daitezkeelako: fakturaren prezioa, familiaren egoera momentu jakin batean (gaixotasunak, jaiotzak...) edo kanpotik datozen eragileak; pandemiarena da, gaur egun, adibiderik argiena.

COVID-19aren ondorioz, denbora gehiago ematen ari gara etxean sartuta, eta, orain, inoiz baino lan gehiago egiten dugu etxetik. Pobrezia energetikoaren testuinguruan, horrek esan nahi du energia-behar gehiago beharrezkoa dela etxea berotzeko eta ordenagailua bezalako gailuak erabiltzeko; ondorioz, fakturaren prezioak gora egitea ekidinezina da.

Fakturak pagatu ezinik

Azkenengo datuen arabera, EAEko 72.666 familiak (totalaren % 8k) aitortzen dute argindarra edo gasa ordaintzeko arazoak dituztela. Hau da, hamabi familiatik batek etxea berotzeko arazoak ditu: guztira, 161.576 pertsona; EAEko biztanleriaren % 7,4, hain zuzen ere. Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak argitaratutako datu hori 2019ko inkesta baten emaitza da, COVID-19aren pandemiaren aurrekoa. Esandakoa kontuan hartuta, pentsa daiteke etxeetako elektrizitate-kontsumoak gora egin duela azkenengo hilabeteetan, eta, ondorioz, etxebizitza modu duinean edukitzeko aukera izan ez dutenen kopuruak ere gora egin duela. Horiei gaineratu behar zaie krisiaren ondorioz langabezian geratu diren edo diru-iturriak galdu dituztenak.

Gurutze Gorriak laguntza eskaintzen die arazo hori duten familiei, fakturak ordaintzeko diru-laguntzak emanda, etxea isolatzeko kitak banatuta eta efizientzia energetikoaren inguruko ikastaroak eskainita. 2020an, EAEn, 1.415 familiek jaso behar izan zuten erakunde horrek banatzen dituen laguntzaren bat edo beste; Uribe Kostan, zehazki, 101 izan ziren jan edo etxea modu egokian berotzearen artean aukeratu behar izan duten familiak. Hala ere, datu hori 2019koa baino zerbait baxuagoa da, urte horretan 1.557 familiek jaso baitzuten laguntza hori. Hala ere, datu horrek ñabardura bat behar du, Maitane Boulandier Bizkaiko Gurutze Gorriko Bitartekotza idazkariordeak adierazi duenez: "Pandemia garaian enpresa energetikoek ezin izan dute hornikuntza-mozketarik egin, Espainiako Gobernuak legez hala debekatu zuelako". Dena den, horrek errealitatea estali besterik egiten ez duela dio Boulandierrek: "Oraindik ez ditugu pandemiaren benetako eraginak ikusi, eta ez bakarrik pobrezia energetikoaren testuinguruan, bizi-mailan ere eragina izango duela uste dut".

Flotagailuak instituzioetatik

Gurean, udal eta erakunde asko dira arazoak dituzten familiei laguntzak ematen dizkietenak; kasu batzuetan, zuzenean faktura ordaintzeko bonuak dira, eta, beste batzuetan, etxebizitzetako eraginkortasun energetikoa hobetzeko proiektuak finantzatzen dira. 

72.666 familiak aitortu dute gasa edo elektrizitatea ordaintzeko arazoak dituztela.
% 75 emakumeak dira laguntzak jasotzen dituztenak.

Sopelan, berbarako, Udalak 15.000 euroko diru-partida bideratu zuen iaz elektrizitatearen hornikuntza ordaintzen laguntzeko. Urte berean, Leioako Udalak ere 60.000 euro gorde zituen arazo horri aurre egiteko. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen eta udalek kudeatzen duten Larrialdi Sozialetarako Laguntzen % 15 energia-pobrezia arintzeko bideratzen da, eta, horien bitartez, hartzaileek 900 euroraino jaso ditzakete urtean.

Orokorrean, laguntzok jasotzen dituztenen profila urtez urte errepikatzen den arren, iaz, pandemiaren ondorioz, langabezian dagoen edo diru-sarrerak galdu dituen jende gehiago hurbildu zaiela aitortu du Boulandierrek. Hala ere, normalean laguntza mota hori jasotzen duten gehienak emakumeak direla azpimarratu du: % 75, hain zuzen ere. "Bere ardurapean familia duten emakumeak dira. Umeakaz eta bestelako familia-kargakaz datozen emakume gazteak dira gehienbat", zehaztu du. Baina laguntzok "flotagailuak" besterik ez dira, familia askoren kasuan arazoa kronikoa bilakatu delako. Arartekok berak adierazi duen moduan, gaur egunera arte administrazio publikoa ez da gai izan garatzeko pobrezia energetikoari aurre egiteko estrategia global bat.

Energiaren garestitzea

"Zaurgarritasun energetikoa ikusezina da gizartearentzat, neurri handi batean pobrezia orokorraren atzean ezkutatzen delako". Hori uste du Macarena Larreak, Orkestrako ikertzaile eta energia gaietan adituak. Bere iritziz, horrek baldintzatzen du arazoari aurre egiteko tresnen eraginkortasuna. Larrearen aburuz, kontsumitzaileok ari gara ordaintzen enpresek energia berriztagarrietara egiten ari diren trantsizioa, eta horrek energiaren prezioa igo du. Ikerlariaren esanetan, energia-eredu jasangarri batera igarotzeko kolektibo zaurgarri horiek kontutan hartu behar dira. Baita Europako beste herrialdeetako esperientziak erreplikatu ere, "beharrezkoa izango da jarrera proaktiboa hartzea arazoa nozitzen duten taldeak bilatu eta identifikatzeko".

Merkatuaren oligopolioa

Orain arte, hiru multinazional handiren (Endesa, Iberdrola eta Gas Natural Fenosa) esku egon da elektrizitatearen ekoizpena, garraioa eta merkaturatzea. Enpresa horiek merkatuaren joan-etorriak gidatu dituzte, eta legedia haien neurrira egin dute; enpresa horietan aholkulari gisa jarduten duten politikari ohien zerrenda luzeari begiratzea besterik ez dago joko horretaz ohartzeko.

«Zaurgarritasun energetikoa ikusezina da gizartearentzat, neurri handi batean pobrezia orokorraren atzean ezkutatzen delako»

Oligopolio horregaz bukatzeko adibidea dugu gurean: Goiener kooperatiba. Irabazi asmorik gabeko elkarte horren filosofia da energia-iturri berriztagarriak eta merkaturatzeko tresnak baliatuta herritarren eta udalengandik hurbil egotea. Horrela, zaurgarritasun energetikoa duten familien kontsumoa hobetu gura dute, laguntza zuzena emanda. Iturri merkeenak berriztagarriak direla diote, eta hainbat baliabide daude pobrezia energetikoa pairatzen dutenengatik hurbil jartzeko. Horretarako, autokontsumo kolektiboak eta, batez ere, Energia Komunitate Berriztagarriak baliabide bikainak direla diote Goienerrekoek.

Beste adibide bat da Bartzelonan topa daitekeena. Bertan, energia-merkaturatzaile publikoa sortu zuen Udalak 2018an, eta, horri esker, iturri berriztagarrien bidez sortutako elektrizitatea eskaintzen die herritarrei. Getxon ere, antzeko zerbait egiteko proposamena egin zuen duela gutxi EH Bilduk. Horren arabera, udalerrian merkaturatzaile bat sortzeak zerbitzua hobetuko luke, energia berriztagarrien aldeko apustua egingo litzateke eta zaurgarritasun energetikoa pairatzen dutenentzako ere mesedegarria izango litzateke.

Aurreko guztia kontutan hartuta, ondoriozta daiteke pobrezia energetikoa konpontzeko arazoa konplikatua dela, aldagai asko daudelako sartuta, eta, kasu askotan, arazoa kronikoa bihurtu delako. Trantsizio energetikoak eta iturri berriztagarriek aukera ezin hobea dira horri buelta emateko, diru-laguntzek eta interbentzio puntualek ez dietelako arazoari sustraitik heltzen. Macarena Larreak ere argi dauka: "Eskain ditzakegun txekeak fakturak ordaintzeko balio ditzakete, baina, kolektibo zaurgarrienen etxeetan eraginkortasun energetikoa hobetzen ez den bitartean, pobrezia energetikoaren arazoa ez da desagertuko". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun