Itoiz taldearen Fadurako kontzertuaren materiala bildu gura du Doxa Producciones ekoiztetxeak

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 17a, 13:31
Itoiz musika taldea. © EIBAR.EUS

Itoiz musika-talde mitikoak bere azkenengo kontzertua eskaini zuen Algortako Fadura kiroldegian, 1988an. Hori dela eta, herritarrek izan ditzaketen garaiko argazkiak, artikuluak, bideoak eta soinu-grabazioak bildu gura ditu Doxa Produccionesek, ondoren "Itoiz Udako Sesioak" izeneko ikus-entzunezkoa osatzeko.

Itoiz musika-taldearen inguruko ikus-entzunezkoa osatzen ari da Doxa Producciones ekoiztetxea, eta, horretarako, askotariko materialen bila dabiltza. Horretarako, taldeari lotutako erregistroren bat edo beste izan dezaketen guztiengana heldu gura dute; argazkiak, artikuluak, bideoak eta soinu-grabazioak bidaltzeko eskatu diete herritarrei.

Itoizek 1976an hasi zuen bere ibilbidea, eta 1988an desegin zen, Algortako Fadura kiroldegian azkenengo kontzertua egin eta zuzeneko album bikoitza (Eremuko Dunen Atzetik Dabil...) argitaratu ondoren; horren aurretik, Indar Trabes izenagaz kontzertuak ematen ibili zen taldea.

Ekoiztetxetik jakinarazi dutenez, "sortu zenetik taldeak jarraitzaile ugari izan zituen, eta litekeena da partikularrek bildutako baina argitaratu gabeko materiala edukitzea. Orain arte informazio ugari bildu dugu, baina badakigu oraindik argitara atera ez den materiala egon daitekeela, eta material mota hori lortzea da interesatzen zaiguna, profesionala edo afizionatua, kalitatezkoa edo etxekoa izan". Hala, Itoizen inguruko informazioa edo materiala duenak archivo@doxaproducciones.com helbide elektronikora idatz dezake.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun