Ia urtebete igaro da Estibaliz Pozo eta Mónica Aguilera plentziarrak koronabirusagaz kutsatu zirenetik. Azaldu dutenez, lehenengo olatuan gaixotu ziren, eta, gaitza gainditu duten arren, oraindino, sintomak pairatzen dituzte. Ez dute 2020ko hasieran zuten ongizate fisikoa berreskuratu; COVID iraunkorra (long covid, ingelesez) dute. Bidean, beldurra, ulertezintasuna, ziurgabetasuna, laguntza falta, desinformazioa... sentitu dute, eta ziur daude eurak bezala pertsona asko dagoela inguruotan. Hori dela eta, euren antzeko egoera batetik pasatzen ari diren gizon-emakumeei laguntza emateko laguntza-taldea proposatu dute. “Biok ditugu hainbat afekzio, COVID-19ak eragindakoak, eta oso mugatuta gaude. Baina gure laguntza, esperientzia eta ezagutzak eskaini nahi dizkiogu behar duenari, gure aukeren barruan, gurearen antzeko egoeran dauden inguruko pertsonei”, azaldu dute plentziarrek.
Aguilera apirilean ingresatu zuten Urdulizko ospitalean, COVID-19ak eragindako pneumonia bilateral batek jota. “Hasiera batean, gaitz arina zenez, etxean egon nintzen isolatuta, protokoloak hala agintzen zuelako. Hala ere, gaixotasunak luze jo zuen, eta, ospitalean lekua zegoenez, bertan ingresatu ninduten, Aste Santuan”, dio. Pozok, aldiz, etxean igaro zuen gaitza, bere familiako kide denakaz batera, isolatuta. Kasu horretan, baina, senarrak okerrera egin zuen, egun batetik bestera, eta Urdulizko suspertze-unitatean ingresatu behar izan zuten, 30 egunez. “Oso gogorra izan zen, egunero zer gerta zitekeenaren zain geundelako”. Zorionez, den-denak irten ziren onik, “ez dugu hildakorik eduki”, azpimarratu dute biek. Hala ere, ez da beti horrela izaten, eta inguruan ezagunak dituzte bidean sendi bat edo beste galdu dutenak.
Hilabeteak igaro dira gaitza gainditu zutenetik; hala ere, ez dira lehengoratu. “Askotariko probak egin dizkigute, eta dena ondo dagoela diote horiek, organikoki onik gaudelako. Arazoa da immunologikoki aldatu dela zerbait gure barrenean”, dio Aguilerak. Ondorioz, askotariko sintomak garatzen dituzte aldian behin, “egunaren arabera gauza bati edo besteri eraso egiten dio gaitzak”, diote. Deskribatu dutenez, ohikoa den arnasteko arazoez gainera, bestelako afekzioak izan ditzakete gaixook, hala nola azalekoak, digestiokoak, bihotzekoak, giltzurrunekoak, neurologikoak, endokrinoak eta immunitarioak. “Inork ez digu azaldu zer gertatzen zaigun, zergatik gure gorputzak huts egiten duen, zergatik gaixotzen garen behin eta berriro. Ez dakigu noiz egongo garen osatuta; hori lortuko dugun ere ez dakigu”, kexu dira plentziarrak. Diotenez, normala da oraindino ezjakintasuna nagusi izatea gaitz horren harira, oso berria delako. Hala ere, erantzunik ez jasotzeak “oso gogorra” dela nabarmendu dute Aguilerak eta Pozok. “Gainera, gizartean, orokorrean, gaitz horrekiko ulertezintasun handia dago. Oso bakarrik senti gaitezke askotan; estututa”.
Positibo ematearen garrantzia
Plentziarrek diotenez, ez dira gutxi hilabeteotan asintomatiko gisa gaitza gainditu dutenak, baina gerora COVID iraunkorraren sintomak garatu dituztenak. “Orain dituzten sintomengatik dakite koronabirusa izan dutela euren sisteman, hilabeteak pasa ondoren”, azaldu du Aguilerak. Biek azpimarratu dutenez, halakoetan zaila izaten da gerora iraunkortasunaren gaitza diagnostikatzea, aldez aurretik positiborik ez dutelako eman. Baina arazo hori ez da soilik asintomatikoakaz ematen; izan ere, pandemiaren hasieran, asko izan ziren gaixotasuna etxean igaro zutenak, PCR edo bestelako probarik egin gabe, Pozoren kasuan bezala, berbarako: “Ni etxean egon nintzen konfinatuta, eta maiatzera arte ez zidaten inolako probarik egin”. Halako kasuek arazoak eragin ditzakete gerora sintomak garatu dituztenen kasuan. Alde batetik, mediku askok aurreko gaitz bategaz lotu ei dituztelako sintoma berriak, eta, bestetik, lan-ikuskaritzak daudenean zaila delako demostratzea arazook COVID-19ak eragindakoak direla. “Gu bezala dagoen jende asko bajan dago, eta, urtebete betetzean, lan-ikuskaritzatik pasa behar dira”, azaldu dute.
Diotenez, egoera ezohikoa da, eta COVID iraunkorrak jotakoak ezin dira gaixo normaltzat hartu. Izan ere, gogoratu dutenez, 6/2020 Errege Lege Dekretuaren arabera, koronabirusak kutsaturiko langileei gaixotasun profesionalagatiko baja eman behar zaie. “Ez da bidezkoa 6 hilabeteko baja baten ondoren, kasuotan, inor kaleratzea, gertatu izan den bezala”, deitoratu dute.
Halakoak ekiditeko, gaixotasuna gainditu izana demostratu beharra dago. Baina, zelan? Biek diotenez, analisiak daude koronabirusagaz lotura eduki izana demostratzen dutenak, ohiko azterketak (PCR eta antigenoak) baliagarriak ez direnean. “Nik Bartzelonan eskatu behar izan ditut analisiok, COVID-19ak eragindako pneumoniagatik ingresatuta egon arren, PCR-an positibo eman baina beste analisien arabera antigorputzak ez nituelako. Egindako probarekin, aldiz, demostratu ahal izan dut immunitate zelularra dudala. Immunologoak dio birusa jada ez dagoela nire organismoan, eta sintomak eragiten dituztela hantura handiegiak eta sistema immunologikoaren desorekak; beste mediku batzuek, aldiz, diote litekeena dela birusa bertan segitzea, eta horixe izatea iraunkortasunaren zergatia, kutsakorra ez naizen arren”, azaldu du Aguilerak.
COVID iraunkorra, aitortuta
Pandemiak aurrera egin ahala gero eta gehiago ikusten ari den errealitatea da COVID iraunkorra. Hilabeteek aurrera egin ahala, gero eta kasu gehiago ematen ari dira; askotarikoak izan daitezke, baina, adin ertaineko emakumeek pairatzen dute gehien, Mediku Orokorren eta Familiakoen Espainiako Elkarteak (SEMG) egindako ikerketa baten arabera. Denera, 200 sintomara arte deskribatu dira, eta, batez beste, paziente bakoitzak 32 izan ohi ditu. Munduko Osasun Erakundeak jomugan jarri du gaitz misteriotsu hori orain, eta nazioarteko adituen bilkura deitu zuen joan den otsailaren 9rako, horren nondik norakoak ikertzeari ekiteko.
Laguntza-taldea, Uribe Kostan
Plentziarrek diotenez, iraunkortasuna dutenen egoera ez da batere erraza; hori dela eta, laguntza-taldea sortu gura izan dute. Euskal Herriko Covid Iraunkorra taldeko kide dira biak, baita Long Covid ACTS taldekoak ere. “Hala ere, zeozer lokalagoa egin behar dela uste dugu. Garrantzitsua da gertukoen artean laguntzea”, ondorioztatu dute. Hala, proposamen xumea helarazten hasi dira inguruotako udaletara. “Gaixoontzako laguntza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa eskaintzea beharrezkoa dela uste dugu”. Une honetan, azaldu dutenez, harremanetan jarri dira Gorliz eta Sopelako udalakaz. Lehenengoek proposamena landuko dute, eta balizko lankidetza bat sustatzeko bilerak ekingo dituzte laster. Bigarrenen kasuan, aldiz, mozioa aurkeztu zen, baina ez zen onetsi, EAJ eta PSE-EEren kontrako botoakaz. “Harritu gaitu alderdi horien jarrera; erabakiaren arrazoiak zeintzuk diren jakin nahi ditugu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso”, deitoratu du Pozok. Plentziako Udalari bilera bat eskatu diote, eta apurka-apurka, gainontzeko udalei helaraziko diete proposamena, baita Mankomunitateari ere. “Egoera hau luzerako doa, eta garrantzitsua da elkarri laguntzea”.
COVID iraunkorra Uribe Kosta taldea
Harremanetarako bidali mezua hurrengo bideetatik:
656 719 472 - 645 510 725