Zinegoak jaialdiaren filmak ikusgai egongo dira Leioan

Iker Rincon Moreno 2021ko ots. 24a, 09:55
Zinegoak jaialdiaren aurkezpena egin zuten atzo Bilbon. © ZINEGOAK

Bilbotik igaro os­tean, Euskal Herriko beste 40 udalerri baino gehiagotara zabalduko dute Zinegoak Bilboko Gay, Lesbo, Trans Nazioarteko Zine eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 18. edizioa. Oraingoan, baina, eskualdean Leioan bakarrik egongo dira emanaldiak; aurreko edizioetan Getxon eta Sopelan ere proiekzioak egon ohi ziren.

Zinegoak, Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdiak 18. edizioa aurkeztu zuen atzo, martitzenean, Bilborocken antolatutako prentsaurrekoan. Aurten Zinegoak martxoaren 1etik 14ra arte ospatuko da, eta osasun-krisiak jaialdia baldintzatu duen arren, Zinegoakek aurrez aurreko programazioaren aldeko apustua egin du, Filmin plataforman leiho digitala irekiko duen bitartean.

Aurtengo leloa "Zalantza izpirik gabe" da, eta, azaldu dutenez, horrek lotura zuzena du Zinegoakeko kartelagaz eta aurtengo helburuagaz: "Beren identitatea, nortasuna eta etorkizuna duela gutxira arte kontzeptu edo ideia hutsak ziren tresnekin eraikitzen ari direnengan jarri dugu begirada. Beren ikuspegia sexu-aniztasunerantz, askotariko orientazioetarantz, genero-identitatearen eraikuntzarantz edo sexualitatearekin loturiko beste edozein elementurantz modu natural batean zabaldu dutenengan".

Aurten ere, jaialdiak hiru sail ofizial izango ditu bere programan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Hiru sail ofizialetako 18 film luze horiek Golem Alhondigan proiektatuko dira martxoaren 1etik 7ra arte, eta bertan gaurkotasun handiko gaiak jorratuko dira, hala nola belaunaldi berrietan oso presente dagoen eraikuntza identitarioak, amatasun lesbikoak eta talde-zaintzak. 18 film horietatik bederatzi opera primak dira, bederatzitan eduki lesbikoa lantzen da (batez ere FIK sailean) eta gehienetan zuzendariak emakumeak dira.

Martxoaren 5etik aurrera, sail ofizialeko film guztien lehenengo proiekzioa eta gero, Filminen leiho birtuala irekiko da. Horrela, Filmin plataforma beste egoitza bat izango da, eta bertan jaialdiko film luze guztiak ikusi ahal izango dira. Data horretatik aurrera, egunero hiru film berri estreinatuko dira (egunero bana sail bakoitzeko) eta gehienez 72 ordu egongo dira ikusgai.

Film laburrei dagokionez, Zinegoakek gai ezberdinei buruzko sei ziklo ezberdin antolatu ditu, eta horiek guztiak Bilborocken egongo dira ikusgai, 18:00etan, doan. "Haurtzaroa-Nerabezaroa" edo "Emakume zuzendariak" ohiko zikloakaz batera, "Drag life" eta "Erresilientziak" ziklo berriak ere egongo dira. Halaber, "LGTBI+ Nagusiak" zikloa berreskuratu da, eta, urtero bezala, "Euskal Begiradak", Euskal Herrian sortutako ekoizpenak ikusi ahal izango dira.

Horrez gain, Arriaga Antzokian hasiera ekitaldia egingo da martxoaren 1ean, eta, bertan, Jose Antonio C. Amunarriz hondarribiarraren Red Bay film laburra proiektatuko dute, aurrenekoz. Ekitaldirako sarrerak otsailaren 24tik aurrera eskura daitezke antzokiaren webgunean bertan.

Gainera, Zinegoakek ere ziklo berezi bi antolatu ditu BilbaoArten. Alde batetik, Sébastien Lifshitz Zinegoak 2021 Ohorezko Saridunari buruzko atzera begirakoa; eta, bestetik, "Brasil transbertsala" ziklo berezia, trans pertsonek Bolsonaroren Brasilen bizi duten egoeraren ingurukoa.

"Bilgune" jarduera osagarriari dagokionez, jaialdiak hainbat aurkezpen berezi egingo ditu. "Nola esan / izan bollera" proiektuagaz "lesbiana" hitzarentzat euskaraz dauden berba ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute bertaratuko direnek. Horrez gain, Rio Parana taldearen T.R.A.U.M.A. podcast-aren bigarren denboraldia ere aurkeztuko da, online bidez. Era berean, bigarren urtez, ZG PRO ikus-entzunezko industriagaz lotutako topaketak antolatuko dira. Bertan hainbat proiekturen aurkezpenak izango dira, besteak beste, Izar Films eta Gehituk ekoiztutako Ni naiz naizena, trans errealitatearen inguruko 10 kapitulu dituen websaila, Aitzole Araneta protagonista dela.

Zinegoak Leioara

Beste urte batez, jaialdia Bilbon amaitzen denean, Zinegoakek ibilbidea hasiko du Euskal Herrian zehar, herriz herri. Osasun-krisiak egoera zaildu duen arren, aurten 40 udalerri baino gehiagok parte hartuko dute hedapenean. Aurten, eskualdean, Leioan bakarrik gozatu ahal izango da proiekzio horietaz, martxoaren 31n, Kultur Leioako Auditorium-ean; ordutegia zehazteke dago oraindino.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun