Hizkuntzaren zalantzategia

Bere, haren ala beraren?

Eunate Muruaga 2021ko ots. 24a, 11:53

Bere, haren ala beraren? Zein da egokia? Noiz erabili bakoitza? Zaila da erantzuten, ezta? Bada, bai, nahiko gai korapilatsua da gaia, eta oraingo honetan argi pixka bat ematen saiatuko gara arlo horretan. Ea lortzen dugun.

Lehenik eta behin, argitu behar da Euskaltzaindiak ez duela araurik eman auzi honetan, baina gramatika eta estilo-liburuetan nabarmena da joera jakin bat hizkuntza bateratuari begira, eta atal hau joera hori ezagutzera bideratuko dugu. Has gaitezen adibide batekin: Iratik Aneri deitu zion, eta bere etxera joan zen. Zeri egiten dio erreferentzia berek? Aneren etxeari ala Iratiren etxeari? Ez dago argi. Horregatik, lehenengo eta behin kontuan hartu behar dugu hiru aukera ditugula 3. pertsonako genitiboa emateko: haren, beraren eta bere.

Haren forma soila da, eta aurreko esaldian aipatutako zerbaiti edo norbaiti egiten dio erreferentzia. Erreferentzia hori lehen aldiz egiten denean erabiliko dugu forma soila. Adibidez: Josuk haren liburua aurkitu du (Josu ez den eta aurretik aipaturiko norbaitena). Bere, aldiz, bihurkaria da, hortaz, subjektua NOR, NORK edo NORI kasuan dagoenean eta horri erreferentzia egin nahi diogunean erabiliko da: Patxik bere (Patxiren) dirua ekarri du/ Patxi bere (Patxiren) etxean utzi dugu/ Patxiri bere (Patxiren) jarrerak egin dio kalte.

Ondorioz, kontuz mota honetako esaldiekin: *Ni bere autoan etorri naiz (haren)/ *Gu bere lagunekin joan gara (haren). Horietan erreferentzia ez zaio subjektuari egiten. Subjektuak 1. pertsonan daude eta erreferentzia 3. pertsonako zerbaiti edo norbaiti egiten zaio, beraz, erreferentzia-bidea ez da egokia.

Hirugarren bat ere badugu; beraren, alegia. Azken hori harenen forma berretua edo indartua da, eta forma horrekin iradoki dezakegu hurbileneko hori dela erreferentea, eta ez lehenago aipaturiko norbait (haren). Esaterako: Ane ohartu da Josuk beraren liburua aurkitu duela (Josu ez den eta aurretik aipatu den edozein 3. pertsonaren liburua, eskuarki Anerena).

Horiek horrela, konturatuko gara bere erabiltzeko joera handia dugula, eta baliteke gogor samarra egitea haren erabiltzea. Izan ere, gaztelaniazko su forma itzultzeko beti erabili izan dugu bere; baina horrek askotan anbiguotasuna sortu izan du, eta ulergarritasuna oztopatu.

Azkenik, aipatu nahi dut batzuetan alferrik aritzen garela horrelako nahasteak argitu nahian forma bat ala beste aukeratu behar dugunean, eta kentzea izaten da egokiena (eta naturalena): Bere etxera joan zen (se fue a su casa)/ Bere jaka jantzi, eta.../ Kirola bere neurrian eginez gero... Erraza eta argia, ez da hala? 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun