Naturaren behatokitik

Otso iberiko Canis lupus signatus, babestuta

Xabier Buenetxea 2021ko ots. 26a, 09:00

Espezie enblematiko horren babesa edo desagertzea gaurkotasun betean dago. Horren hilketa kudeaketa gisa arrazoitu dute inoiz, baina, orain, babestuta dago. Neurri horren ondorioz, ohitura batzuk egokitu beharko dira, batzuk arrazoirik gabe «tradiziozkoak» jotzen direnak. 

Oinarri zientifikoak dituen kontserbagintzarako, otsoa espezie enblematikoa da; super-harrapakaria da,  bakarrik biziraun daitekeena elikatzeko harrapakinak dituenean. Otsoak izaera ehiztaria dauka, nahiz eta sarraskijalea ere izan daitekeen. Ondo finkatutako talde batek ugalduko den bikote alfa bat edukiko du, erasoak antolatu eta taldea gidatzen duena. Normalean, gaixo dauden aleak aukeratzen dituzte (gaitzen hedapena kontrolatzeko baliagarria da hori), eta abereekiko erasoak bakarrik jazotzen dira horiek ondo jagonda ez daudenean, edo otso-taldeak egonkortasuna galdu duenean. Ehizaldiek eragiten dute azken egoera hori, eskopetariek aurrez agertzen zaizkien edozein ale tirokatzen dutenean. Alfa-otsoa hiltzen dutenean, taldea banandu egingo da, eta, gidaritzarik gabe, abereei egin diezaiekete eraso, harrapakin irisgarrienak direlako.

Abeltzaintza, bere aldetik, asko aldatu da. Usadioz otsoaren lurraldeetan artzain eta abeltzainek horiekin elkarbizitza onartzen dute. Ez dute gustuko, baina jardueraren parte dute. Lauzpabost mastin edo artzakur dituztela larreratzen dute, eta ardiek esparru itxi batean egiten dute lo; gainera, orain, artzain elektrikoarekin inprobisa daitekeena. Otsoek, txakurren usaina aditzen dutenean, liskarra saihestu eta nahiago izaten dute animalia basatiak ehizatzea.

Jakina, hori ezberdina da otsoa aspalditik hiltzen den tokietan, bertan abeltzainak animaliak mendian aske izaten dituztelako, eta aldizka igotzen direlako horiek zaintzera. Inguruabar horrek eragiten du "abeltzain" horien lan-jarduera nagusia beste sektore batzuetan ematea, eta ganadutegia, bizimodu bat baino, zaletasuntzat edo diru-laguntzak jasotzeko tresna izatea. Otsoak sartzen hasi diren lurraldeetako administrazioek ere tresna bitxi batekin egiten dute "kudeaketa": otsoak hil.

Alternatiba litzateke mastinekin batera artzaintza tradizionalean aritzen dutenei zuzendutako diru-laguntzen banaketa bultzatzea, eta ez bakarrik mendiko abelburu kopuruari zuzentzea. Azken batean, gure mendiak leheneratzea artalde zainduekin, eta basurdeekin, oreinekin eta otsoekin, oreka naturalean.

Zaila da hain polemikoa den espezie bat, ikuspegi soziokulturaletik, ekonomikotik eta baita tradizional-mitologikotik ere, gure mendietan gailentzea, baina, agian, aldaketarako garaia da. Orain kontrol handirik gabeko ganadu soltea dagoen tokian, artalde bat ikusi beharko genuke, bere artzain eta mastinekin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun