Ez dira gutxi, urteak pasa ahala, amatasuna gora eta behera, horri lotuta gertukoen "gomendioak" jasotzen dituzten emakumeak. "Hobe da seme-alaba gazte izanda edukitzea", "ez zaizu amatasun sena pizten?", "arroza pasatuko zaizu!". Horrelakoak lasai-lasai botatzen dituzte askok, seme-alabarik ez edukitzeak zentzugabekeria delakoan; eta, lehenengoa izandakoan, "bigarrena noizko?", nork bere geneak biderkatzea obligazioa balitz bezala. Ama izan edo ez, aukera errealaren eskutik joan behar dira biak, eta, hori bermatuta, emakume bakoitzak askatasun osoz erabaki ahalko du ume bat (edo gehiago) edukitzea edo ez. Baina, noraino daude baldintzatuta hautu horiek modu librean hartzeko? Gorliz eta Plentziako Sorginen Alabak talde feministak mahai-ingurua antolatu zuen joan den urtarrilaren 23an gai honetaz eta askoz gehiagoz hausnartzeko. "Emakumeoi horren sakonki ukitzen gaituen gai bat izanda, ikuspuntu feministatik horren inguruan hausnartze-falta dagoela sentitu dugu, eta amatasunaren gaia jorratzea modu naturalean atera zen", azaldu dute.
Hausnarketari ekiteko, ama, izatez, zer den galdetu beharra dago. Horri erantzunez, Sorginen Alabak taldeko kideek aitortzen dute oso gai "konplexu eta emozionala" dela hori. "Zein da ama? Erditu duena akaso?", galdetzen dute. Kontuak horrela, gaineratu dutenez, "adoptatutako umea zaintzen duen emakumea ez litzateke, orduan, ama izango? Erregistroetan ama gisa ofizialki klasifikatuta egotea da ama izatea?". Zalantza horiek tarteko, argi dute zein den "sistema hegemonikoak" definitzen duen "amatasuna"; baina, horrez gainera, normalizatutako amaren ideiatik harago doazen moldeak ere existitzen direla azpimarratu dute. Hala, hori kontutan hartuta, emakumeen amatasun guztiak errespetatu behar direla diote talde feministakoek: "Helburua ez da amatasuna zer den jakitea. Kontzeptuen definizio itxiek horien inguruan dagoen aniztasuna eta aberastasuna ezabatzen du; dena da konplexua eta erlatiboa, batez ere emozio eta bizipen subjektiboekin horren lotuta dauden gaietan".
“Emakumea zaintza-lanen jabe izatearen justifikazioa bortitza eta jazarlea da. Titia eman beharra bezalako justifikazioekin aitaren zaintza eza normalizatu da”
Horien arabera, ama izatea sakrifizioagaz eta sufrimenduagaz lotzen da askotan gure gizartean, umeekiko maitasunagatik mina jaso eta dena aguantatu daitekeenaren ideia erromantikoak elikatuta. Are gehiago, "erabakitako sakrifizioa sakrifizioa ez dela esan ohi da, baita bizitzan eduki dezakegun altxorrik ederrena ama izatea dela ere; gure gorputzekin bat egiteko naturak eskaini digun aukera ordezkaezina". Baina, diotenez, askatasunaren galera izan ohi da prozesu horri atxikitzen zaion aldaketarik sinbolikoena. Horren harira, talde feministakoek gogoratu dute mahai-ingurua egin zutenean kideetako batek hurrengo galdera egin ziela gainontzekoei: "Akaso gara aske ama izan gabe? Zer da aske izatea?".
Gogoratu dutenez, duela gutxira arte, emakume hutsa izateagatik "inposatutako bizimodua" zen ama izatea: "Gure amamek bederatzi ume erditu eta etxearen euskarri zaintzaile bihurtzen ziren bizitza osorako". Ordea, beste bizi-eredu bat mahai-gaineratu zuten taldekoek urtarrileko eztabaidan, emakume militanteena, hain zuzen ere. "Militatzen zuten emakume gehienek, bitartean, ama ez izatearen hautua egin zuten militantzia eta amatasunaren bateragarritasuna ezinezkoa zelakoan". Gaur egun, aldiz, hirugarren aukera bat (beste askoren artean) ere badagoela azpimarratu dute, borrokan ibilitako emakume haiek lortutako tresna eta askatasun guztiei esker: "Egun, posible zaigu militante eta ama izatea, baita bestelako amatasun ereduak eraikitzeko aukera izan ere".
Ama izatearen hautua
Talde feministako kideek gogoratu dutenez, kulturalki, sistema hetero-patriarkalaren zerbitzura dagoen gizarteak bideratzen ditu emakumeak ama izatera, familia perfektuaren irudi utopikoak sortu dituen beldurrak eraikita, hala nola bakarrik gelditzearena edo arroza pasatzearena. "Are gehiago, ginekologoak berak ere, askotan, ama izatearen presioa gainjartzen digu". Horren harira, zalantzan jarri dute ama izatearen nahia, askotan inposatutakoa izan daitekeelakoan. Dena dela, uste dute hausnartzeko eta bihotzetik sentitzen duten erabakia hartzeko askatasuna daukatela, "baldintzatua bada ere". Gogoratu dutenez, "naturak eman digu aukera gure gorputzaren jabe izateko, baita ere berarekin bat egiteko eta daukan ahalmen miresgarriaz gozatzeko".
Atzera begiratuz gero, historiari erreparatuta, gogoratu dute mendebaldeko gizartea misoginoa izan dela, sistematikoki feminizidioak erabili izan dituelako horrek arma gisa naturaren antzinako begiradak ezabatu eta horiei zilegitasuna kentzeko. "Antzina, amatasuna mundua eta zeruaren liluragarritasunaren sinboloa zen. Horren adibide argia dugu gaur egun lurrari esateko modu maitekor hau: ama-lurra. Gerora, ordea, gure gorputzen desjabetzea eta emakumearen mendekotasuna funtsezkoa izan da dominazio-sistema ezartzeko eta hura eutsiko zuen familia-eredu patriarkala eraikitzeko", deitoratu du talde feministak.
Horri lotuta, eta gaur egunera bueltatuta, azpimarratu dute ama izateko erabakia hartzerako orduan pisu handia duela bikotekidearen figurak eta horregaz eraikitako harremanak. "Ume bati bizitza eskaintzeko bizi-proiektua beste pertsona batekin elkarbanatzeak erabaki hori bihotzez hartzera eraman gaitzake, are gehiago bide hori gozatzeko ingurua eta ahalmen ekonomikoa dugunean". Dena dela, eredu hori aurrera eramateko beste bide batzuk ere badaudela gogoratu dute; bikotekiderik gabe: "Ama gisa senti daitekeen maitasun ordezkaezina sentitzeko desioak ere eraman gaitzake konpromiso hori gure buruarekin hartzera".
Askotariko baldintzatzaileak
Historikoki, sistemak amak behar izan dituen arren, gaur egungo egoera ekonomikoak askotariko oztopoak jarri dizkio ama izateko hautua hartu gura duenari. Datuei erreparatzea besterik ez dago. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) emandako datuen arabera, jaiotzek beheranzko joera hartu dute 2010etik; berbarako, iazko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko aldi berean baino % 5,9 haur gutxiago jaio zen Euskal Autonomi Erkidegoan (EAE). Horrez gainera, lehenengo haurra duten emakumeen adina ere handituz joan da urtez urte: gaur egun 10etik 8k 30-34 urte artekoak dira nagusi; duela 45 urte, aldiz, batez besteko adina 25 urtekoa zen. Sorginen Alabak taldekoek gogoratu dutenez, gizartea aldatu da, eta orain ama izatea aukerarik "zailena" da: "Osasun-egoerak eta azken aldietako krisi-ekonomikoek orain arteko iruditegi utopikoa ezinezko bihurtu dute, eta, nolabait, eredu hori jarraitzearen beharretatik askatu gaitu".
“Amatasuna ez da eskubide bat, pribilegioa baizik. Bikote heterosexual ahaldunak du biderik errazena umea edukitzeko. Ama ez izatea, bestetik, eskubidea denaren borroka feministen markoan kokatzen da: abortua kasu”
Diotenez, gizakiak eragindako munduaren egoera tamalgarriaren eta gizartearen inposizioen ondorioz, ama ez izateko askotariko arrazoiak har ditzake edozein emakume kritikok. Hala ere, azpimarratu dute erabaki hori hartzerakoan hausnarketa oso handia egon ohi dela, "azken finean, egin behar ez zenuena ez egitearen hautua da: eskematik irtetekoa". Gizarteak, baina, halako kasuetan arinkerietara jo eta aurreiritziz josiko du ama ez izateko hautua erabaki duena, "arazo" bat izango duelakoan. Horrez gainera, Sorginen Alabak taldekoek adierazi dute egoera alderantzizkoa izan daitekeela ere: "Inguru kritiko batean bizi bazara, feminismo erradikalaren markoan, batzuetan, ama izan nahi izatea ez da posizio erraza izaten". Era berean, mota horretako egoerak eman daitezkeela uste dute ama izateko "ezaugarriak" betetzen ez direnean ere, hala nola subjektua gazteegia edo zaharregia denean. "Kritika eta epaiketa egongo da beti, are gehiago normatik irteten den emakumea zarenean".
Emakume adina amatasun-eredu
Sorginen Alabak taldeko kide feministek azpimarratu dute askotariko amatasun-ereduak daudela. Zentzu horretan, nabarmendu dute zeresan handia duela zaintzen banaketa definitzen duen etxeko egiturak; "zoritxarrez, zaintzen erantzukizuna eta pisua rol berberei atxikitzen zaie oraindik". Hori ere bizi dugun gizarteari lotuta dagoela diote: "Sistemak elikatzen duen kultura da bizi duguna; amaren zaintza perfektu eta zorrotzen aurrean, aitaren zaintza minimoak txalotzen dira".
Amatasun-ereduen artean, umea biologikoki edukitzea edo adoptatua izatea dira aukera bi. Horren harira, gai polemikoa mahai-gaineratu dute Plentzia eta Gorlizko feministek: gainpopulazioa. "Mugara heltzen ari gara, eta jaiotza-tasa murriztu beharraren debateari heldu beharko diogu momenturen batean", uste dute. Horri aurre egiteko, eta munduan sufritzen dauden horrenbeste ume daudela kontutan hartuta, horiek adoptatzeko aukera dagoela aipatu dute. Baina, horretarako bideak luzeak, zorrotzak eta garestiak direla jakinda, askok aukera hori baztertu egiten dutela ondorioztatu dute. Bestalde, nork "berea" eta ez beste inorena den seme-alaba izatearen desioari lotuta, norbere geneak luzatu gura izatearen "kapritxotik" haurduntza subrogatuaren praktika datorrela deitoratu dute: "Zainduko dugun umea ‘gurea’ izan ‘behar’ dela uste dute askok. Zenbat bortizkeri eta inposizio horren hitz gutxitan".
Zaintza, gizarte osoaren ardura
Amaitzeko, baina, noren ardura da haurrak zaintzea? Galdera horri erantzun borobila eman diote feministek. Euren ustetan, orokorrean, gizarte osoak zaindu beharko lituzke umeak, bereziki horien inguru hurbilean dauden pertsona guztiek, zaintza-kolektiboa eta partekatua eraikiz. Era berean, familia normatiboa kolokan jarri eta bestelako ereduak sortzeari ekin beharko geniokeela uste dute, baita monogamiatik haragoko etxeko nukleo afektiboak sortu ere; "zaintza kolektibo feministak garatu behar dira".
Hausnarketarako kokapena
Sorginen Alabak taldekoek azpimarratu gura izan dutenez, eurek abiatutako hausnarketa ulertzeko haien buruaren kokapena kontutan hartu beharra dago: “Euskal Herri garaikideko marko kulturalean hazi izan garen emakume cis (jaiotzean esleitutako sexua eta genero-nortasunagaz bat egiten dutenak) zuri pribilegiatuak gara”.