Hizkuntzaren zalantzategia

Goizez/Goizean etorriko da

Eunate Muruaga 2021ko mar. 11a, 10:41

Egunen eta hilen izenak ez dira mugagabean erabiltzen: *igandez, *astelehenez, *martxoz... Horiekin NON kasuaren forma mugatua erabiltzen da: igandeAN, asteleheneAN, martxoAN...

Oraingoan -z instrumentalaren zenbait erabilera oker ikusiko dugu. Azken boladan, asko ugaldu da instrumentalaren erabilera komunikabideetan eta administrazioan; hau da, hainbatetan erabili beharko ez litzatekeen tokietara hedatu da Euskaltzaindiaren iritziz. Noiz eta nola erabili, baina?

Erabilera oker nabarmenenak ematen dira NON/NOIZ eta ZEREZ/NOLA kasuak nahastu egiten direlako. Baina bada aldea bien artean: NON/NOIZ kasuak modu edo denbora zehatza adierazten du; ZEREZ/NOLA kasuak, ordea, ez du batere zehaztasunik azaltzen. Azter ditzagun atalka.

Modua adierazten denean, zuzenak dira ondorengoak eta horien antzekoak: Oinez egin dut eskolarako bidea / Trenez joan gara herrira / Eskuz ari dira pilotan jokatzen... Ondorioz, adibideetan eman ditugun aditzondoak kasu instrumental mugagabean doaz, zehaztasunik gabe. Moduzko aditzondoak dira; modu errazean esanda, NOLA galderari erantzuten diote. Hala ere, batzuetan horien antzera erabili izan dira izen sintagma batzuk: *Zazpietako trenez joan gara herrira / *Euskara batuaz ari dira / *Bere autoz joan nahi du... Horiek, ostera, oker erabilitakoak dira. Izan ere, era horretako adizlagunak mugatuak eta zehaztuak dira, ondorioz, mugatzailea eskatzen dute, eta NON galderari erantzunda joango dira; inesiboan, alegia: Zazpietako trenEAN joan gara herrira / Euskara batuAN ari dira / Bere autoAN joan nahi du...

Denbora adieraztean ere antzeko zerbait gertatzen da. Badira denbora adierazteko aditzondoak, eta moduzkoekin gertatzen den lez, instrumentalaren bidez ematen dira, ez baitute zehaztasunik adierazten: egunez, gauez, garaiz... Dena dela, egunen eta hilen izenak ez dira mugagabean erabiltzen: *igandez, *astelehenez, *martxoz... Horiekin NON kasuaren forma mugatua erabiltzen da: igandeAN, asteleheneAN, martxoAN... Gauza bera gertatzen da arratsaldez eta goizez bezalako denbora adierazpenekin. Berez, tradizioan oinarrituta arratsaldean eta goizean erabili dira. Hala ere, puntu honek azalpen sakonagoa behar duelakoan nago. Printzipioz, desberdindu behar dira: goizez mugagabea da, zehaztu gabea; eta goizean, aldiz, mugatua, zehaztua. Hortaz, goizez lan egin du eta goizean lan egin du esaldien artean aldea dago. Lehenengoaren kasuan, adibidez, demagun txandaka lan egiten duela, eta aste honetan goizez lan egin duela. Inespezifikoa da, ez du ezer mugatzen. Bigarrenean, berriz, goizean lan egin du eta arratsaldean zinemara joan da. Espezifikoa da eta eguneko une jakin bati egiten dio erreferentzia. 

Horiez gain, badira instrumentalaren erabilera oker gehiago, baina hurrengo baterako utzi beharko ditugu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun