Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika sortu du AEKk. Horren helburua da euskaltegiek euskalduntze-mugimenduan duten ezinbesteko garrantzia plazaratzea, eta, aurton, Korrika atzeratzeak eragin dituen galera ekonomikoak arintzeko herritarren ekarpenak batzea. Ekimenak hiru ardatz nagusi izango ditu: 2021eko gutuna, Euskal Herriko hainbat tokitan egingo dituzten Bultza Euskaltegiak! ekitaldiak, eta martxoan herritarren ekarpenak batzeko kanpaina.
"Euskal Herriko herritarren % 55 erdalduna da. Berdintasunean oinarritutako jendartea amets badugu, argi dago herritar helduen euskalduntzea beharrezkoa dugula, guztion eskubideak bermatzeko zubia delako. Beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu; bide onetik goaz, urtero-urtero 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari baitira horietan, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere", azaldu dute AEKkoek.
Hiru ardatz
Dinamikaren lehen ardatza izango da Euskal Herriko administrazio nagusiei gutun bat bidaltzea. Bertan, azaltzen da datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan beharko dituen.
Bestetik, euskaltegien eta euskararen aldeko lekukoa kalean egon dadin, jendartearen arnasa ere berebizikoa dela adierazi dute, eta, horretarako, Euskal Herriko hainbat tokitan ekitaldi xumeak egingo dituzte martxoaren 28an, unean uneko osasun-neurrietara egokitutakoak. Horiek 12:00etan egingo dituzte, eta azaldu dute oraindik ez dutela behin betiko zerrenda itxi, eta baliteke gune gehiago lotzea.
Azkenik, gaurtik hasita eta martxoaren amaierara arte, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! Egizu zure ekarpena kanpaina ere abiatu dute. Korrika atzeratzeak zulo ekonomikoa eragin du AEKren aurrekontuetan, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diote erantzuna, baina zorpetze horri ere aurre egin beharko diote. Horretarako, herritarren sostengua bilatu gura dute, aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den Korrikak babes erraldoia jasoko duelakoan daude. Ekarpenak webgune honetan egin daitezke, hainbat eratan.