Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Jasangarritasun Sailak eta Ekogunek energiaren arloko doako aholkularitza-zerbitzua kontratatu dute herritarren zerbitzurako.
Horren bitartez, laguntza emango diete herritarrei euren energia-fakturak ulertzeko, bai faktura elektrikoak eta baita gas edo gasolinakoak ere. Gainera, etxebizitzetan energia berde ziurtatua (EVC) kontratatzeko aukerak proposatuko dituzte, bai merkaturatzaile tradizionalakaz eta baita kooperatiba-formatuko beste batzuekaz ere.
Herritarrek beraien etxebizitzetan energia-iturri berriztagarrietan oinarritutako sistemak jartzeko aholkularitza ere emango da. Hala, interesa dutenek gutxi gorabeherako aurrekontu bat jaso ahalko dute, arrakasta izan duten adibide ezberdinen artean aukeratu dezaten. Gainera, gai horren inguruko araudia, eraginkortasuna eta beste hainbat zalantza argitzeko zerbitzua ere emango dute.
Zerbitzu hori Sopelako Gatzarriñe kalean dagoen Ekogune bulegoan emango dute, apirilaren 6, 7, 8, 9, 14, 15, 21 eta 22an, 12:00etatik 19:00etara. Bertaratzeko aldez aurretik hitzordua hartzea derrigorrezkoa da, horretarako ahalbidetu dituzte 688 780 591 telefono zenbakia eta info.ekogune@uribekosta.eus helbide elektronikoa.