Berango eta Getxo arteko Mimenagako padura ekologikoki berreskuratzeko proiektua aurkeztu dute gaur udalerri bietako EH Bilduk. Proposamen horretan jasotzen den bezala, udalerri bien artean berdegune erraldoi bat sortzea da koalizio abertzalearen asmoa. Horretarako, Marel-Renault tailerretako lursailak berreskuratuko lirateke, eta naturari itzuliko litzaioke. Proposamenaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, "eraikuntza masibo eta espekulazioaren aurrean, bestelako alternatibak badaudela azalarazi nahi izan dugu. Gaur egun espazio hau utzita eta kutsatuta dago, eta naturari dagokiona itzuli nahi diogu".
Paduraren berreskuratze ekologikoak honako elementuak izango lituzke: Gobelaren ibilbidea jarraituz ibaiertzeko basoa landatzea; landa-eremu zabal eta basatiak; putzuak eta hezeguneak; gaur egun dauden landare inbaditzaileak ezabatzea; bertako basoa landatzea –Maisu ibilbideagaz lotura eginez–; eta gaur egun dauden ortuak mantendu eta handitzea getxoztar eta berangoztarrentzat, besteak beste. Gainera, tailerrek utzitako porlanezko lursaila ezabatu eta bertan egurrezko jolas eta elementuak ipintzea aurreikusi dute, hala nola tirolinak eta abentura-jolasak, ingurunean integratuz. Parkeak ere atseden hartzeko lekuak izango lituzke, eta, Gobelaren bidea jarraituz, oinezko eta bizikletentzako bidea ere sortuko litzateke, Mimenaga eta Gobelalde lotuz.
EH Bilduko zinegotziek gogoratu dutenez, gaur egun indarrean dauden hirigintza-plangintzek bertan etxebizitzak eraikitzea aurreikusten dute, "nahiz eta uholdeak pairatzeko arrisku-ingurua izan". Koalizio abertzalearen proiektuak, ostera, azpimarratu dute kontrakoa proposatzen duela: "Tailerraren hondarretan geratzen den porlana ezabatu eta Getxo eta Berango arteko berdegune berri bat sortzea. Bi herrietako auzokideek gozatzeko espazio berri bat izango lukete, beraz. Proiektuak Urko paduraren berreskuratze-ekologikoaren filosofia jarraitzen du, Sopelako Udalak 2011-2015 legegintzaldian bultzatu zuena, Bilduren gidaritzapean, alegia".
Hurrengo egunetan EH Bilduk berangoztar eta getxoztarren artean bere proiektua partekatu du, eta, ondoren, Getxoko eta Berangoko udaletanb mozioa erregistratuko du, osoko bilkurek proposamena bozka dezaten. "Osasun-krisiak agerian utzi du gero eta beharrezkoagoak ditugula berdeguneak eta gozatzeko espazioak gure herrian. Batzuentzat hirigintza espekulazioan eta eraikuntza masiboan oinarritzen da, baina badago bestelako eredurik: naturarentzat espazioak berreskuratu ahal ditugu eta eredua irauli", EH Bildukoen berbetan.