Fokua icebergaren puntan jarriko dugu berriro ere. Ekitaldi eta lorpen erraldoi hauek harrotasuna hedatzen dute txoko guztietatik. Gure agintariak Bizkaiko kirolaren osasunaz mintzatuko dira, zein ondo gabiltzan esango digute, eta traje dotoreak jantziko dituzte argazkiek betiko erakuts dezaten pandemia eta pandemia osteko garai horietan zein ausart eta garaiezinak ginen bizkaitarrok. Mundu-krisi hau bilbainadaz bilbainada konpontzen.
Baina Bizkaiko kirolaren icebergaren punta distiratsuak azpian hainbat miseria du gordeta. Eta ez da egongo horiek estali ditzakeen ekitaldirik munduan. Eskola-kirola kinka larrian dugu aurten ezarri zaizkion murrizketa guztiak direla eta: gazteak eta amateurrak euren lehiaketak jokatu ezinda eta jokatzen ari diren kasuetan, inolako test eta jarraipenik gabe; eliteko taldeak (egon badaude) babes publiko eskasarekin eta hedabide gehienak ia erabat ahaztuta; eta kirol-elkarte asko etorkizun beltzarekin aurtengo noizbehinkako itxialdien ostean...
Hain hasiera eta final entzutetsuren artean, arreta jar dezagun gure benetako hasieran: eskola-kirolean. Saia gaitezen hainbat elkarteren amaiera ahalik eta urrunen jartzen. Hasierak eta finalak nahi beste gozatu, baina beste guztia ahaztu gabe.