EITBko kazetaria San Mames ingurura hurbildu da zaletuen iritziak entzutera: “Zergatik ez zara Real Madril edota Bartzelonako jarraitzaile egiten? Garaikur gehiago irabaziko dituzue eta!”. Lehoien taldeko jarraitzaileak irmo erantzun dio: “Athletic geurea da, handia, herritik sortua, eta zaindu beharrekoa”. Mirestekoa da bilbotar eta euskaldun askoren pasioa gurea defenditzeko orduan; betiere, futbolaz ari garenean, noski! Athleticzale askok ez dakite deus ere futbolaren gainean; hala ere, denek janzten dute kamiseta zuri-gorria igandero. Athleticen kamiseta jaioberri askoren lehenengo oparia izan ohi da. Are gehiago, loteria irabazleen pare, zorte oneko txikitxoren batek aitona-amonaren bazkide karneta jasotzeko zortea izaten du noizbait. Hori bai pagotxa!
Belaunaldiz belaunaldi izan da transmisio zoragarri hau. Dena den, bidea ez da batere erraza izan. Munduko ligarik lehiakorrenean jokatzen du Athleticek, Bartzelona eta Real Madrilen itzalpean; garaikur garrantzitsurik irabazteko esperantza handirik gabe. Nolanahi ere, beste talde batekoa izatea ez dago aukeran Bilbon.
Kirolen tarteari amaiera eman dio Teleberriak, eta hara non, beste sailkapen bat erakutsi du Kike Amonarrizek, Tribuaren Berbak telesailean. Kasu horretan euskara izan da hizpide. Hizkuntzalariak euskara jarri du parez pare munduko gainontzeko hizkuntzekin. Munduko 6.000 hizkuntzak batetik hamarrerako termometro batean kokatu ditu, handienetik txikienera. Termometroa hartu eta kalera joan da inkesta egitera. Kasualitatez, berriro ere, Bilboko kale kantoietan ibili da galdezka: “Zein da euskararen tamaina batetik hamarrerako eskalan?”. Bilbotarren artean, zalantza izan da nagusi; lehenago futbolzaleek erantzunetan erakusten zuten irmotasunaren arrastorik ez da azaldu; ezta ospatzen ari den Euskaraldiaren aldeko kamiseta edo txaparik ere. Gehienek euskararen tamaina bostetik behera kokatu dute. Erantzuna justifikatzeko, nagusiki, argudio berbera erabili dute: “Euskara oso txikia da gaztelania edota ingelesarekin konparatuta". Amonarrizek zalantza argitu du: “Euskara lehenengo koskan kokaturik dago”. Bertan zeudenak aho bete hortz utzi ditu. Munduan, milioi bateko hiztunen langa gainditzen duten hizkuntzak 600 bakarrik direla azaldu du, eta haietako bat euskara dela. Telebistan agertzeak duen ohiko emozioaz gain, ez dut elkarrizketatuengan aparteko zirrararik sumatu. Kamerari agurtu eta lasai asko alde egin dute, gaztelaniaz.
Telebista itzali eta eskolara joan naiz lanera. Ezin nuen sinetsi ikusitakoa. Teleberriak kirolari emana pasa ditu hogei minutu, euskal taldeen gorabehera hutsalekin. Aldiz, euskaren tamainaren inguruko informazioaren berri askok gaur jakin dugu, lehenengoz!
Eskolako atea gurutzatu, eta hor ikusi ditut nire 5 urteko ikasleak. Txikitxoak, hain dira puruak, aurreiritzi gabeak eta haiena defendatzeko ausartak. Garbi desberdintzen dituzte kontzeptu asko, esaterako: big (handia) eta small (txikia). Ondo baino hobeto dakite 5. eta 6. mailako nagusiak haiek baino askoz handiagoak direla. Baina haien jolastokia defendatzen dute egunero, eurena delako. Partidu handien egunetan, beti datoz lehoien kamiseta jantzita. Baina badakite txapelketarik garrantzitsuena euskararena dela. Euskaraldia bukatzen den bakoitzean, beti azaltzen dute txapa kentzearen aurkako jarrera. Euren hitzetan partidua ez baitago amaiturik. Helduok asko dugu haiengandik ikasteko. Hain dira handiak gure txikiak!