Ez da negoziazio errealik egon, eta zorrak guztion artean ordainduko ditugu, Fogasaren bitartez. Enpresariak kostu baxuan zorrak kitatuko ditu, eta bere negozioekin jarraituko du, enpresa talde bat baitu bere kontrolpean.
Bestetik, langile autonomo anitz dugu, egoera ekonomiko latz hauetan agian bankuekin zorpetu dena. Ziurrenik, urtetan mantenduko du zor hori, nahiz eta negozioa atzean utzi duen, porrotaren ostean. Langabezian geratuko diren langileak ere ditugu, alokairuei aurre egin ezinik. Horientzako ez dago hartzekodunen lehiaketarik. Beno, egia esanda, badago modalitate bat: pertsona fisikoentzako hartzekodunen lehiaketa. Baina horretara heltzeko bidea nahiko zaila izan ohi da.
Azken finean, pribilegiodun batzuk daude, sozietatean, zerotik berriro hasteko arazorik ez dituztenak, nahiz eta gure lurraldea desindustrializatu; eta, gero, besteok gaude, zorrak kentzeko hil arte itxaron behar dugunok.