ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta Steilas sindikatuek deituta, greba egiten ari dira gaur, sektore publikoan enplegua sendotzeko eta hori sortzea aldarrikatzeko. Sindikatuek adierazi dute 60.000 langile publiko daudela kontratu finko barik, eta horien egoera "erabat larria" dela.
Sindikatuak pozik agertu dira eguneko lehenengo orduetan grebak izan duen jarraipenagaz, batez ere behin-behinekotasuna pairatzen duten langile publikoen erantzunagatik. Hala ere, deitoratu dute greba oso baldintzatuta egon dela Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen "neurriz kanpoko" zerbitzu-minimoengatik; adierazi dutenez, milaka langileri greba eskubidea ukatu zaie.
Besteak beste, ezarritako zerbitzu minimoak % 100ekoak izan dira Osakidetzan, COVID-19agatik egiten ari diren ekintzak direla eta. Sindikatuek salatu dute pandemia "aitzakia" gisa erabili dutela greba eskubidea urratzeko.
Sindikatuek manifestazioak deitu dituzte EAEko hiriburuetan; hala, 11:30ean, Bilbo, Gasteiz eta Donostian batuko dira. Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da.