Euskarari, atara kontuk!

Gure hizkerak lau, gerturatu eta hamalau

Joanes Atxa Olaiz 2021ko api. 26a, 14:55

Ilustrazioa: sailkapena K. Zuazo eta U. Goiti-rena; irudia A. Olaiz-ena.

Ba al zenekien gure eskualdean, Uribe Kostan, euskara bereizgarria dugula? Askotan, urrun sentitzen ditugu herri hizkerak, baina, geurea den eskualdeko hizkera berezkoa gertuagotik bizi eta gozatzeko asmoz, atal honi ekin diot.

Ozeano Barean galdutako irla bakarti batean zuhaitz bat lurrera eroriko balitz, zaratarik egingo luke? Norbaitek entzungo luke? Ez da galdera berria, inolaz ere. Budismoak aspaldi planteatzen zuen hausnarketa hau, eta, atal honetan, oraindik erori gabe dagoen zuhaitz sendo baten inguruan mintzatzen saiatuko naiz; bai, Uribe Kostako hizkeraren inguruan. Har diezaiogun haria gure gaiari: zeri buruz ari gara hizkera diogunean?

Euskaldunon herri honek lagun adina mintzo batzen ditu ezker eta eskuin. Ohituta gaude Euskal Herriko hamaika ertzetatik, festarik festa, gure hizkuntzaren barne aldakortasunaz gozatzera: Lotu barik!, Ttak!, Prefosta! eta, zelan ez, Kala kalata. Bost dialekto nagusi ditugu ekialdetik mendebaldera, ezin ezagunago ditugun euskalkiak: Zuberotarra, Nafar-Lapurtarra, Goi-Nafarrera, Erdialdekoa (Gipuzkera) eta Mendebaldekoa (Bizkaiera).

Egunero erabiltzen ditugun berbei gure hizkeren barnean merezi duten lekua egingo diegu. Gure hizkerek osatzen duten baso hostotsu eta loratu honetan barneratu nahi?

Dialektoak eskualde eta herri bakoitzeko hizkera zehatzak multzokatuz lortzen dira. Bai, hizkeren arteko ezaugarri komunek eraikitzen dituzte dialektoak eta askotan entzuten ditugu “ene… Ondarrutarrek bai berbeta polita” edo “Iparraldeko hizkera bai goxoa!” bezalakoak. Baina, aizu! Gure bizilekuak ere badu bere hizkera polit eta goxoa: Uribe Kostako hizkera. Eta non kokatzen da gure hizkera geografikoki? Mendebaldeko euskalkiaren barnean kokatzeaz gain, eremu zehatz edo zurrunetan mugatzeko nahiak komeriak ekar diezazkiguke. Ezaugarri bateratzaile batzuek, Bizkaiko iparraldeko eremuekin berdintzen dute gurea: taberna hitzari, taberne esaten diogu Uribe Kosta osoan, baina baita Loiun, Laukizen, Gatikan, Maruri-Jataben eta Mungiako auzoren batean ere. Aldakortasuna ekialderantz mugitzean gertatzen da: Sondikan edo Zamudion tabernea; harago, Lezaman edo Meñakan, tabernia; eta urrunago, Fruizen edo Bakion, tabernie.

Oskorrik Arrietako, Emerandoko eta beste hainbat auzoetako espezialitateak zerrendatzen zituen bezala, guk ere hizkuntza berezitasunak zerrenda genitzake auzoz auzo.  Atal honetan, ordea, hainbeste urtez erori gabe iraun duen gure zuhaitz sendoa ureztatzeaz gain, bizileku ditugun herrietan eman diren eta ematen diren hizkuntza berezitasunen fruituak ere jasoko ditugu. Baratzeko jakiei jartzen dizkiegun izenez hitz egingo dugu, baina, herri hizkerengandik ikasteko dugun bezala, egunero erabiltzen ditugun berbei ere gure hizkeretan merezi duten lekua egingo diegu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun