Joan den irailetik, Plentzia eta Sopelako institutuak Eskolako Agenda 21ean lanean aritu dira, eta hainbat ekintza egin dituzte, barne-antolakuntza hobetzeko asmoz. Orain dela egun batzuk, adibidez, Plentziako Uribe Kosta Institutuak Eskola Jasangarria bihurtzeko aintzatespen azterketa pasa du; horren emaitzak maiatzean ezagutaraziko dira.
Herri mailan, azkeneko hilabeteetan, ikasleek harrera ekintzak, diagnostikorako irteerak eta jardunaldi tekniko bi izan dituzte. Harrera ekintzan zentroen aurtengo nondik norakoa azaldu zuten; ondoren, herriko diagnostikoagaz hasi ziren, denda mota ezberdinak bisitatu zituzten, bertako plastikoen erabilera eta erabilgarritasuna aztertzeko asmoz.
Jardunaldi teknikoetan, aurtengo gaiaren inguruko erakunde-aditukaz hainbat gauza ikasi dituzte. Hasteko, Tantak IGEren ordezkariak itsasoen dinamikak eta arazo orokorrak azaldu zizkien, gero plastikoek sortutako arazoetan zentratzeko. Bigarrena, BasqCompanyren sortzailearen eskutik izan zen; horrek azaldu zuen enpresa zertan dabilen eta beraientzat zergatik den hain garrantzitsua plastiko eta pneumatikoen berrerabilpena.
Momentu honetan, 2020-2021 ikasturtearen Eskola Agenda 21 amaitzear dago; hori dela eta, ikasleak institutuen eta herrien diagnostikoakaz bukatzen eta urteko azkeneko ekintzak prestatzen ari dira. Horietako emaitzak, ikasturte bukaerako Udal Foroetan aurkeztuko dira: Sopelan maiatzaren 27an eta Plentzian, ekainaren 3an. Horregaz batera, STOP PLASTIKOAK! inguruko emaitzak ere emango dituzte ezagutzera.
Eskolako Agenda 21
Eskolako Agenda 21 ikastetxeek hartzen duten konpromiso bat da, ikastetxeko eta ikastetxearen inguruko iraunkortasunaren eta hezkuntza-kalitatearen alde lan egiteko. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du.
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak sustatutako ingurumen-hezkuntza programa honrren xedea, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia dokumentuagaz bat eginez.