Langileen Nazioarteko Eguna

Aldaketa eskatzeko manifestazioa egingo dute maiatzaren 1ean Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2021ko api. 28a, 13:50
LAB sindikatuko eskuinaldeko 70 delegatu inguruk M1eko mobilizazioan parte hartzeko deia egin zuten joan den egunean.

Urtero legez, gainean dugu maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna. Aurtengoa COVID-19aren izurriteak markatutakoa izango da, hala ere, mobilizazioa iragarri dute zapaturako Urdulizen, eta horretan parte hartzera deitu du LAB sindikatuak. Eguerdiko 12:30ean jarri dute hitzordua, ospitalearen parean.

COVID-19ak goitik behera eraldatu du gizartea, eta lehendik agerian –edo ezkutuan– zeuden arazoak inoiz baino gehiago azaleratu dira orain. Izan ere, LAB sindikatuak dioenez, pandemiak azkartu egin du lehendik zetorren krisia, eta, deitoratu du sistema, bidegabea ez ezik, eutsiezina ere badela. "Aldaketa ekidinezina da, hala nola nazioartean zein Euskal Herrian. Baina, afera da: aldaketa nork eta zertarako?", galdetu du sindikatuak.

Egoerari aurre egin guran, LABek aldarrikatu du herri-burujabetzan sakondu eta bizitza erdigunean jartzeko eredua indartu beharra dagoela, trantsizio ekosozialista eta feminista baten bidez. "Izan badugu aukera norabidea aldatzeko, antolatu eta borrokatuz  gero. Milaka gara horretan ari garenak, azken hilabeteotan nabarmendu denez: zaintza sistema publiko  komunitarioa, eta oro har, zerbitzu publiko sendoak aldarrikatzeko grebak egin ditugu; eskualdez eskualde enplegua defendatzeko herri harresia osatzen ari gara; prekarietatearen kontrako borrokak pizten ari gara; eta pentsio duinen alde mobilizatzen ari gara astelehenero", gogoratu dute sindikatukoek.

Hala, zapatuan, maiatzaren lehenean, borroka aldi berri horri "bultzada" emateko deia egin du LABek. Antolatzaileek gogoratu dutenez, beharrezkoak diren segurtasun-neurri guztiak hartuko dituzte: "Elkar zaintzea, elkartasunez jokatzea eta elkarrekin mobilizatzea da bidea!".

Eguerdiko 12:30ean jarri dute hitzordua, Urdulizko ospitalean. Ondoren, manifestazioa egingo dute Sopelako udaletxeko plazara heldu arte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun