Bueltan da Uribe Kostako Euskaraz Olgetan egitasmoa

Erredakzioa 2021ko api. 29a, 11:43
Aurtengo Euskaraz Olgetan maiatzean hasi eta urrian bukatuko da.

Familien artean euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko helburua duen Euskaraz Olgetan programa berrabiaraziko du Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak. Maiatzetik urrira gauzatuko dute hori, eta aurtengo jarduerak www.euskarazolgetan.eus webgunearen bitartez egingo dira.

Martxan da berriro ere Euskaraz Olgetan egitasmoa, Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eskualdeko herrietako familien artean euskaraz bizi eta gozatzeko jarduera dibertigarriak eskaintzen dituen programa. Helburua da familietan euskararen erabilera sustatzea, eta xede horri eutsiz, tailerrak, ikuskizunak eta ekintza ludikoak antolatzen dituzte.  

Pandemiaren eraginez, Mankomunitateko Euskara Zerbitzutik adierazi dute ahalegin handiak egin dituztela programazioa landu eta egungo testuinguru berezira egokitzeko. Hala, eskualdeko umeek eta gurasoek maiatzean, ekainean, irailean eta urrian euskara praktikatzen eta ikasten jarraitzeko aukera izango dute.  

Aurtengo Euskaraz Olgetan egitasmoaren funtzionamendua desberdina izango da, etxetik gozatzeko aukera paregabea eskainiko baitute. Hala, maiatzean hasita, astero bideo berri bi igoko dira www.euskarazolgetan.eus webgunera, aste bitan ikusgai egongo direnak. Bideo horiek familia osoari zuzendutako edukiak landuko dituzte; jarduerak familiaren gustu eta kezketan pentsatuta egongo dira, elkarregaz gozatu ahal izateko. 

Beste batzuen artean, azpimarratu gura izan dituzte: sukaldaritza tailerrak, birziklatzeko tailerrak, tailer artistikoak, STEAM tailerrak, meditazioa eta ikuskizunak. Esan bezala, Ikus-entzunezkoak aste bitan egongo dira ikusgai webgunean; azken nobedadeak Instagram eta Facebook sare sozialetan ere ikusi ahal izango dira.

Hauek dira, hain zuzen ere, maiatzerako antolatu dituzten ekintza eta tailerrak:

  • Maiatzak 3-6: “Udaberri Gozoa” eta “Jai Nai” meditazio tailerra.
  • Maiatzak 10-23: “Buztin polimerikoa” eta “Kriseilu jasangarriak” tailerrak.
  • Maiatzak 17-30: Ze demontre! umore ikuskizuna Bocabeats Comedia taldearen eskutik eta “Mekanismo hegalariak” tailerra.
  • Maiatzak 24-ekainak 6: “Etxeko xaboiak egin” eta “Esku bionikoa” tailerrak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun