Lilagunek sexu-aniztasunaz berba egiteko tailerra antolatu du, maiatzaren 17an ospatzen den Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Saio bi egingo dituzte, hilaren 20an eta 27an, eta, horietan, hainbat sexualitatez arituko dira, Nahia Rojo sexologoa eta psikologoa eta Izaskun Aranbarri sexologo eta LGTB+ militantea. Besteak beste, sexualitateen adierazpen, emozio, interakzio erotiko, gorputz eta plazerei buruzko hausnarketa egingo dute, eta ohiko sinesmenak eta aurreiritziak ere aztertuko dituzte.
Tailerrak Goñi Portal kultur etxean egingo dituzte 18:00etatik 20:00etara. Bertaratzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea maiatzaren 14ra arte, lilagune@uribekosta.eus posta elektronikoan edo 652 773 780 eta 946 762 674 telefonoetara deituta.
Llilagune Uribe Kostako Mankomunitateko Emakumeen Ahalduntzeko eskola da; hainbat ekintza sustatzen ditu, banakakoak zein kolektiboak, pertsonen ikaste eta kontzientzia prozesuetan laguntzeko, eta emakume sareak ehundu eta parte hartze soziala bultzatzeko.
Kultura aldarrikatzailea
Ildo berean, Plentziako Udalak aniztasun afektibo-sexuala eta genero-aniztasuna aldarrikatu gura ditu, maiatzean, Ontziola plazan egingo diren zenbait kultura ikuskizunen bitartez:
- Maiatzak 14: ¡Qué fuertes lo de Gloria! (Helduentzat / antzerkia / gaztelaniaz)
- Maiatzak 15: Meri, Mari eta Lari (Haurrentzat / antzerkia / euskaraz)
- Maiatzak 16: Esnatu naiz (Helduentzat / kabareta / euskaraz)
Ikuskizunak guztiak 19:30ean izango dira, bertan jarriko duten karpan, beraz, edukiera mugatua izango dela jakinarazi dute udal-iturriek.
Bestalde, aldarrikapen agenda honek ekainean jarraipena izango duela adierazi dute; izan ere, hilaren 28an ospatuko da LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna.