Arduradunek azaldu dutenez, ezkerreko eta abertzale den oro barnebildu gura duen herri-ekimena da Plaza Hutsa. Diotenez, Euskal Herrian herrigintza garai oparoa bizi izan da azken hamarkadetan, baina, aurrera begirako erronkei heltzeko asmoz, "arnas luzeko begirada berrituak" ezinbestekoak direla azpimarratu dute. Eta horretarako sortu dute Plaza Hutsa ekimena, gogoetarako eta ekintzailetzarako gune parte-hartzailea eskainiz: "Nondik gatozen kontutan hartuta, nora goazen pentsatu eta bide hori egiten hasteko lehenengo urratsak egiteko ekimena, hain zuzen ere".
Euskal Herriak dituen erronken artean, hezkuntza-eredua nabarmendu dute: "Egungo hezkuntza ereduak dituen mugak aintzat hartuta, eremu honetan nora goazen argitzeko hausnarketa prozesua zabaldu genuen hezkuntzaren eremuan lan egiten dugun hainbat kidek". Hala, urte bian zehar, Euskal Herriko hezkuntza komunitateko guraso, irakasle, langile eta kideok parte hartu dute Hezkuntzaren Plaza Hutsean galdera baten bueltan: "Zein hezkuntza sistemarekin amesten dugu Euskal Herrirako?"
Galdera orokor horrek, kezka eta ikuspegi ezberdinak parez pare eztabaidatzen jartzea ekarri du, bidean galdera berri asko agertuz: "Ditugun hezkuntza sistemetatik zer ez zaigu gustatzen? Zein lehentasunari erantzun behar dio gure hezkuntzak? Nola aurre egin erronka ekologikoei? Nola euskara eta euskal kulturaren transmisioari? Nola hezkuntza sistema feminista eraikitzeari?".
Galdera horiei guztiei erantzuna topatzeko asmoz sortu zen Hezkuntzako Plaza Hutsa, eta horren emaitza da (h)arian liburuxka. Hala, prozesu horretan ateratako galderak eta ideiak hezkuntza-komunitateko eragile zein norbanakoakaz eztabaidara eraman eta praktikara eramango dituzte orain. Horretarako, aurkezpen bi egingo dituzte Uribe Kostan: maiatzaren 13an, Algortako Villamonte kultur etxean, 18:00etan; eta maiatzaren 19an, Leioan –lekua zehazteke–, 18:00etan.
Antolatzaileek iragarri dutenez, edukiera mugatua izango denez, parte hartu gura dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute hezkuntzauribekosta@protonmail.com helbidera mezu bat bidalita.