Kosta Trail kirol-probak formatu birtuala izango du aurten

Ander Zarraga 2021ko mai. 13a, 12:08

Iazko Kosta Traila bertan behera geratu zen pandemiaren ondorioz, horregatik aurtengoa desberdina izango da. © KOSTA TRAIL

Virtual Trail izendatu dute aurtengo proba, izan ere, pandemia egoera dela eta, hainbat berritasun dakartza aurtengo edizioak; hala ere, bere izaera solidarioa mantentzen jarraituko du, eta batzen den diru guztia GaituzSport Fundazioari emango diote dohaintzan.

Kirola eta elkartasuna uztartzen dituen Kosta Trail lasterketa bueltan da. Pandemiaren ondorioz, iazko froga bertan behera geratu ondoren, aurten Virtual Trail edizio berezia prestatu dute antolatzaileek; beraien helburua da parte-hartzea sustatzea, bertaratuko direnen segurtasuna bermatuz eta jende pilaketak saihestuz.

Aldaketak aldaketa, probak Kosta Trailaren izaera mantenduko du: kausa solidario batengatik kirola praktikatzea, hain zuzen ere. Aurten batzen den diru guztia GaituzSport Fundaziora bideratuko dute, kirola baliatuz, desgaitasunak dituzten eta ez dituzten pertsonen gizarteratzean egiten duen lana indartzeko.

Inoiz baino irisgarriagoa

Antolakuntzaren aurtengo helburua da parte-hartze handiaren bitartez dohaintza kopuru garrantzitsua batzea. Horregatik, proba inoiz baino irisgarriagoa izango da, parte-hartzaileek erabakiko baitute noiz eta nola egingo duten Virtual Traila. Horretarako, ohiko hiru modalitateak izango ditu lasterketak: mendiko maratoi erdia (21 km), mendi-martxa (20 km) eta familientzako martxa.

Berritasun bezala, parte-hartzaile bakoitzak ibiltzen edo korrika egin dezake proba, gura duen momentuan, ekainaren 13tik uztailaren 13ra bitartean. Gainera, Kosta Trailaren ohiko ibilbidea ikusgarria jarraituz, edo distantzia bera duen beste ibilbide bat egin ahalko da. Horrela, bertaratu gabe parte-hartzeko aukera eman gura dute.

Gaur bertan ireki dute izena emateko prozesua Kosta Trail webgunean bertan; izan ere, aurten paperezko inskripzioak ekidingo dituzte, prozesua errazteko eta ingurumena babesteko. Horrek hiru euroko prezio sinbolikoa izango du modalitate guztietan, eta batzen den diru guztia GaituzSport Fundazioari emango diote dohaintzan. 

Lehen edizioa 2006an egin zenetik, lasterketak 154.000 euro batu ditu dohaintzan emateko, horregatik, antolatzaileek frogaren elkartasun-izaera azpimarratu gura izan dute. Aurten batzen dena GaituzSport Fundazioari ematea erabaki dute, aniztasuna errespetatzen duen gizarte inklusiboa eraikitzeko helburuagaz lan egiten duen erakundeari, hain zuzen ere. Horrek, jarduera fisikoa eta kirola sustatzen ditu desgaitasunak dituzten eta ez dituzten pertsonen artean, berdintasunean eta bizi-baldintzak hobetzeko asmoagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun