Jaurlaritzak dantza-talde amateurren emanaldiak baimendu ditu

Iker Rincon Moreno 2021ko mai. 14a, 11:58

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako euskarazko bertsioko dekretuak zalantzak eragin zituen arren, gaztelerazkoak baimentzen ditu dantza-talde ez-profesionalen emanaldiak; hala jakinarazi du dantzan.eus agerkari digitalak.

Dantzan elkarteak azaldu duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak argitaratutako euskarazko dekretua bakarrik irakurri ondoren, ohartarazpena jaso zuten esanez dekretuaren gaztelaniazko bertsioak bai onartzen zituela dantza-talde amateurren entsegu eta emanaldiak. Izan ere, euskarazkoan entseguak bakarrik ageri dira, emanaldiak aipatu gabe. "Badirudi itzulpenean galdu dela dantza emanaldien baimena", ohartarazi dute. Beraz, gazteleraz behintzat, dantza-taldeen emanaldiak baimendu ditu Jaurlaritzak, beti ere, COVID-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak zorrotz beteta. Hala ere, deitoratu dute dekretuak ez duela zehazten nola egin daitezkeen entsegu horiek, besteak beste, ez dakite zenbat kide kopuruk parte har dezakeen horietan.

Zer-nolako dantza-emanaldiak

Orain arte, soilik profesionalek eskain zitzaketen kultur-emanaldiak. Orain, ordea, amateurrek ere aukera hori izango dute, gaztelerazko bertsioak musika- eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak baimentzen baititu –euskarazko bertsioak ez ditu espresuki emanaldi amateurrak aipatzen–. Dena dela, ez da erromeriarik ezta jaietako dantza-desfile zein emanaldirik egiteko aukerarik egongo, maiatzaren 8ko Eusko Jaurlaritzako dekretuak ez baitu horren inguruko aldaketarik aipatu. Ordea, bai arautu ditu ikuskizunak egiteko baldintzak eta neurriak. Hala, talde amateurren emanaldiak baimenduta dauden unetik aurrera neurri hauek bete beharko dira.

Neurri guztiak ezagutzeko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun