Aste honetan estreinatu dituzte Sopela eta Urduliz are gehiago lotuko dituen Osteiko errepidea eta Olabide bidegurutzea. Orain, Uribe Kostako biztanleek sarbide erosoagoa izango dute Alfredo Espinosa ospitalera joateko, Larragoitiko industriagunetik.
Ehun metro eskas falta ziren bidea bere osotasunean bukatzeko, baina, kontu administratiboen ondorioz, denboran luzatu den kontu bat izan dela azaldu du Josu Landaluze Sopelako alkateak. "Uribe Kostako biztanleriaren osasun-zentrora sarbidea errazteko proiektu estrategikoa da", azpimarratu du.
Trafiko-saihesbidea
Bere aldetik, Sopelako EH Bilduk adierazi du Olabide ezin daitekeela Urdulizeko ospitaleko sarbidea bihurtu. Azaldu dutenez, EAJ-PSEren udal-gobernuak sakanguneak kendu eta abiadura neurtzeko radarrak jarriko ditu, anbulantzien eta osasun-zentrora doazen ibilgailuen bidea errazteko. Argudiatu dute erabaki horrek auzokideen bizi-kalitatea eta segurtasuna kaltetuko dituela, eta, horren aurrean, irtenbide bakarra trafiko-saihesbidea egitea izango litzatekeela azpimarratu dute.