Martitzenean ekingo diote hondartza-denboraldiari, iazko osasun-neurriak ezarrita

Erredakzioa 2021ko mai. 31a, 09:00
Edukiera neurtuko dute eta, behar izatekotan, sarrerak etengo dituzte. © GETXOKO UDALA

Bihar, ekainaren 1ean, hasiko da Bizkaiko 2021eko hondartzen denboraldia, COVID-19ari aurre egiteko joan den urteko osasun-neurri guztiakaz. Horixe erabaki dute Aldundiak eta Bizkaiko kostaldeko udalek hondartzen erabileraren eta araubidearen esparru orokorra zehazteko egin dituzten bileretan. Hala, besteak beste, sartu-irtenak kontrolatu eta okupazioa neurtuko dute.

Hondartzetan osasun agintaritzek ezarritako segurtasun distantzia mantendu ahal izateko bisitarien etorrerak arautu beharko dira; horretarako, iazko sistema errepikatuko da eta hondartzainek eta sorosleek hondartzetako okupazioa neurtuko dute.

Okupazioari buruzko informazioa modu honetan jakinaraziko da:

  • Hondartzetan bertan megafoniaren bitartez eta, hala dagokionean, anbar koloreko bandera jarriko da erabiltzaileek jakin dezaten edukiera betetzen ari dela eta modu antolatuan hondartzatik irteten has daitezen. Bandera hori izango da pertsona kopuruaren berri emateko erabiliko den bakarra; gainerakoak, pandemiaren aurreko denboraldietan adierazten zutena jakinarazteko erabiliko dira, hau da: bandera berdea, bainu librea; horia, arretagaz bainatu beharra; gorria, bainua debekatuta, eta igerilari bat ezabatuta duen bandera zuriak esan nahiko du uraren kalitatea ez dela bainatzeko egokia.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren hondartzen webgunean okupazioaren maila jakinarazteko panpina berde bat, bi panpina anbar eta hiru panpina gorri erabiliko dira.
  • Eta Bizkaiko Foru Aldundiak iaz martxan jarri zuen BizkaiUP aplikazioan sistema bera erabiliko da; aplikazio hori telefono mugikor guztietan deskargatu ahal izango da. Aplikazio horretan, edukiera mailak eta hondartzetako ezaugarriakaz lotutako bestelako informazioa eta udalek une bakoitzean ezarri ditzaketen neurriak jasoko dira, besteak beste, aparkalekuetako guneen itxiera perimetralak, hondartza dinamikoa ezartzea, sarbideakaz lotutako kontuak, eta abar.

Hondartzen unean uneko egoera webgunean eta BizkaiUPen kontsultatzeko aukera egongo denez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek iaz egin zuten deialdia berresten dute eta herritarrei eskatu diete tresna digital horiek erabiltzeko eta hondartzetara joan aurretik egiaztatzeko edukiera egokia dela.

Gainera, hondartzainak eta sorosleak udalakaz modu iraunkorrean harremanetan egongo dira edukiera gehienezko uneetan ezarri beharreko neurriak zehazteko; horrelakoetan, udaltzainek eta ertzainek jardungo dute, osasun agintaritzek ezarritako araudia ezartzeko ardura duten kidegoak diren heinean.

Agintaritza horiek zehaztuko dute une bakoitzean hondartzetara taldean zenbat pertsona sartu ahal izango diren eta taldeen artean zenbateko distantzia mantendu behar duten. Gainera, pandemiaren bilakaeraren arabera, espazio publikoez disfrutatzeko baldintzen gainerako aldaketak zeintzuk diren zehaztuko dute.

Edonola ere, iaz emandako gomendioa mantendu dute, hau da, hondartzan hiru ordu baino gehiago ez egotea, hala, txandakatzea bermatzeko eta ahalik eta pertsona gehienek hondartzez disfrutatu ahal izateko.

Agintaritza horiek zehaztuko dute baita ere une bakoitzean hondartzetan maskara nola erabili beharko den.

Bainatzeko laguntza, Ereagan eta Plentzian

Beste urte batez,  ‘Hondartza denontzat’  bainatzeko laguntza-zerbitzua martxan egongo da uztailaren 1etik abuztuaren 31ra La Arenan, Ereagan, Plentzian, Mundakan, Lekeition eta Ondarroan, goizeko 11:15etik arratsaldeko 18:45era.  Zerbitzu hori ere egungo inguruabarretara egokituta egongo da eta osasun agintaritzek ezarritako prebentzio neurriak aplikatuko dira martxan jartzen den unean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun