Hiru hilabete iraun duten lanen ostean, Gorliz eta Plentzia batzen dituen Areatza kaleko lanak amaitutzat eman dituzte. Hainbat herritarrek eta bisitarik erabiltzen duten bide garrantzitsua da Areatza kalea, eta, esku-hartze horregaz, bere itxura eta funtzionalitatea hobetu dituztela adierazi dute udal-ordezkariek.
Azaldu dute kalea osorik birgaitzeko proiektuan hainbat jarduketa egin dituztela: alde batetik, ur-hornidurako sarea berritu dute bideko puntu batzuetan; errepide osoaren zoladura egokitu dute, Charterra dagoen biribilgunetik PiEren parean dagoen biribilgunearen hasierara arte; eta portuaren parean dagoen zatian espaloi biak urbanizatu dituzte, segurtasun handiagoa emateko eta irisgarritasuna hobetzeko. Tarte horretan, ur-hornidurako eta saneamenduko sareak berritzeaz gain, suhiltzaileentzat suteetarako ur-hartuneak ere ipini dituzte. Argiteria publikoa ere hobetu dute, dauden argiak berrituz eta farola gehiago jarriz.
Plentzia eta Gorlizko udalek 2020ko urtarrilean sinatu zuten hitzarmenean oinarritutako proiektua Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak garatu du. Lankidetza horregaz, kale horretako etxebizitzak urez hornitzeko zerbitzua ere hobetu dutela jakinarazi dute. Lanak 2020ko uda baino lehen egiteko asmoa zuten, baina pandemiaren ondorioz, egitasmoa atzeratu egin behar izan zuten.
Elixabete Uribarrik, Plentziako alkateak, administrazio bien arteko elkarlana nabarmentzeaz gain, proiektuaren garrantzia azpimarratu du: "Proiektu komun honen ondorioz, herritarren premia eta eskaera nagusietako bat errealitate bihurtu ahal izan dugu. Gure bizilagunen onerako akordioak lortzeko ardura eta konpromisoa genuen, eta horixe egin dugu "
Bestalde, Nagore Utxupi Gorlizko alkateak adierazi duenez, "Garrantzi handiko esku-hartzea da udalerri bientzat, herritarrek aspalditik eskatzen zuten eskaerari erantzuten diogulako. Era berean, jarduera estrategiko honi esker, beste bultzada bat eman gura diogu gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeari". Gaineratu du udalerri bien arteko elkarlanak jarraipena izango duela etorkizunean azalduko diren erronkei aurre egiteko.