Tailer eta zerbitzu gehiago emateko Ekogunerako lokala zabaldu du Mankomunitateak

Ander Zarraga 2021ko eka. 3a, 14:44
Urgitxieta plazan dagoen Mankomunitateko lokal berriaren aurkezpena.

Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak Ekogune programaren ekintzak garatzeko lokal berria eskuratu du. Sopelako Gatzarriñe kaleko 10. zenbakian kokatuta dagoen gune horretan tailerrak, ikastaroak eta hainbat zerbitzu eskainiko dituzte.

Mankomunitateak hamarkada bat baino gehiago darama Ekoguneren ikastaroak antolatzen: ingurumena eta natura zaintzearen garrantziaz herritarrak kontzientziatzeko eskualdeko programa da, hain zuzen ere. Orain arte, ikastaroak Mankomunitatea osatzen duten herrietako kultur etxeetan egin dira, baina, gaurtik aurrera, gune propioa izango du Sopelako Urgitxieta plazan, Gatzarriñe kaleko 10. zenbakian, zehazki.

Gaur, ekainaren 3an egin duten aurkezpenean egon dira Josu Landeta Mankomunitateko lehendakaria, Iraunkortasun Batzordeko ordezkari politikoak eta jarduera guztiak antolatzen dituen sail bereko teknikariak. 

Azaldu dutenez, instalazio berri honegaz, Mankomunitateak udalerri mankomunatuen garapen jasangarria bultzatzeko, eskualdearen nortasuna indartzeko eta udalerrietako Tokiko Agenda 21eko prozesuak sendotzeko helburuan urratsak ematen jarraitzeko konpromisoari erantzuten dio.

Alokairuan dagoen lokal berri honek 55 metro koadro ditu, irisgarritasunera eta funtzio ezberdinetara egokitutako gune diafano batean. Altzariak hainbat erabilera izateko diseinatu dituzte: bilerak egiteko, sukaldaritza tailerrak emateko sukaldea eta tailerrak egiteko leku adina dauka, besteak beste.

"Iraunkortasun sailetik antolatzen ditugun jarduera guztiek gure eta erabiltzaileen espektatibak asetzea ahalbidetuko duten baliabide materialak eskatzen dituzte. Espazio berri honegaz, tailer gehiago egin ditzakegu, eta, horrela, eskualde osoko herritarrak ingurumenaren iraunkortasunaren, baliabideen eraginkortasunaren, hondakinen kudeaketa egokiaren eta ingurumenarekiko jokabide gizabidetsuak sustatzearen garrantziaz sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko gure lanagaz jarraitu dezakegu”, azpimarratu du Landetak.

Ekoguneko ikastaroak

Uribe Kostako Mankomunitateko Iraunkortasun Sailak, Ekogunek, baratze organikoakaz, ekologiagaz, kontsumo arduratsuagaz, berrerabiltzeagaz eta birziklatzeagaz lotutako hainbat ikastaro ematen ditu urtero. Ikastaroak guztiz doakoak dira, eta Mankomunitateko 7 udalerrietako batean erroldatutako pertsonei bakarrik daude zuzenduta.

Inaugurazio ofiziala gaur egin duten arren, gune horretan hainbat ikastaro egin dituzte apiriletik, hala nola sukaldaritza jasangarriagaz lotutakoak, gazta freskoari, ogi artisau eta etxeko jogurtari buruzko tailerrak, edo zereal, barazki, pasata edo kontserba begetalakaz lotutako beste batzuk. Gaur egun, Hasiberrientzako joskintza, Do it Yourself, Haurrentzako josteko eta kakorratzeko oinarrizko ikastaroa edo Praka bakeroak birziklatzen ikasteko tailerrak egiten ari dira.

Arduradunek azpimarratu dute tailerrok oso harrera ona izaten ari direla, bereziki sukaldaritza jasangarriarena, eta zehaztu dute guztira 80 pertsona baino gehiagok parte hartu dutela. Bestalde, gune honetan Energia Aholkularitza doako zerbitzua ere eskaini zuten apirilean, herritarrek faktura energetikoa ulertzeko Mankomunitateak eman zuen doako zerbitzua, hain zuzen ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun