Easygas Eskubaloi Taldea

Nesken taldeak historia egiteko aukera du

Ander Zarraga 2021ko eka. 4a, 10:17

Berango eta Urdulizko kiroldegietan jokatzen dituzte partiduak. © Noemi Garcia Arnavat

Ekainaren 4, 5, eta 6an, Berango eta Urdulizeko Eskubaloi Taldeko neskek Zilarrezko Mailara igotzeko fasea jokatuko dute Valentzian. Kategoria horretara igotzeko aukera historikoa izango da hori.

Espainiako Estatuko bigarren maila litzatekeenera igotzeko aukera izango dute Easygas Berango-Urduliz Eskubaloi Taldeko neskek. Valentzian lehiatuko dira ekainaren 4, 5 eta 6an, hango, Balearretako eta Kataluniako taldeen aurka. "Ez da erraza izango; talde katalanak nahiko konplexuak izaten dira", aurreratu du Diego Izquierdo taldearen entrenatzaileak. "Ez dugu ezer baztertzen: oso talde gazteagaz goaz, bataz beste 20 urte dituzte, eta horrelako igoera fase bat jokatzen dugun lehen aldia da", azaldu du.

"Oraindik ez dugu guztiz sinisten", dio Nati Alcortak, taldeko kapitainak. Aukera horren aurrean, jokalariak oso pozik eta ilusionatuta daude, eta euren helburua "dena eman eta ahalik eta gehien disfrutatzea" izango dela azpimarratu du kapitainak.

"Eskualde osoko taldea gara, izan ere, jokalariak Uribe Kostako herri guztietatik datoz, eta inguruko eskoletan lantzen dugu oinarria"

Diego Izquierdo Easygas Berango-Urduliz eskubaloi taldeko entrenatzailea

Euskal Ligan jokatzen aritu da taldea aurten, oso denboraldi "atipikoan", entrenatzailearen arabera: "Mundu guztiari eragin dio pandemiak, baita txapelketari ere; inoiz egin dugun aurre-denboraldi luzeena izan da: irailean hasi behar genuen eta urtarrilean hasi gara jokatzen".

Orain dela 17 urte taldea osatu zenetik, ekipoak emakumezkoen kirolaren aldeko apustua egin du beti; izan ere, gaur egun, taldeko jokalari gehienak neskak dira, eta azken urteetan hazkunde garrantzitsua izan dute.

Entrenatzaileak argi dauka taldeak Zilarrezko Maila lortuko duela: "Agian ez da aurten izango, baina taldearen joera ikusita, eta dugun harrobia kontutan hartuta, horra helduko gara momenturen batean". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun