Surf inklusiboa bultzatuko dute uda honetan Plentzia eta Sopelako hondartzetan

Ander Zarraga 2021ko eka. 8a, 17:48
Plentzia eta Sopelako hondartzetan egingo dute Surf Irekia uda honetan. © JAIKI SURF ESKOLA

Surf Irekia proiektuaren bitartez mota guztietako dibertsitate funtzionala duten pertsonek kirol honetaz gozatzeko aukera izango dute, Jaiki Surf Eskola eta 3DLAN-ek sortutako ekimenari esker.

Uda honetan, surfa pertsona guztien esku egongo da Plentzia eta Sopelako hondartzetan egingo den Surf Irekia ekimenari esker. Horren helburua da mota guztietako dibertsitate funtzional, sentsorial edo intelektuala duten pertsonek ere surfaren abantailez balia daitezen; izan ere, kirol honek hainbat onura ditu: osasun fisikoa eta mentala ematen du, naturan gozatzen da, hazkunde pertsonala eskaintzen du eta komunitatean praktikatzen da. Faktore horiek guztiak dibertsitate funtzionalak dituzten pertsonei ere hurbildu nahi zaizkie Surf Irekia ekimenaren bidez.

Horretarako, gaur, ekainaren 8an, Bilboko Itsasmuseumean aurkeztu dute Surf Irekia egitasmoa, Jaiki Surf Eskolaren eta 3DLAN garapen teknologikorako elkarteen proiektua, hain zuzen ere. Honek, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntza du, eta, bertan, parte hartuko dute Sopela, Plentzia, Barrika eta Getxoko udalek, eta Gaude, Apnabi, Fekoor, Aspace edo Gorabide elkarteek, besteak beste.

"Denboraldi honetan, surfa eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei hurbiltzeko protokoloak, metodologiak eta materialak garatzen aritu gara, Jaiki Surf Eskolaren bekadun klaseen bidez. Eskola horiek ongizatea eta bizi-kalitate hobea eskaintzen dute, eta Arrietara, Sopela eta Plentziako hondartzetan egiten dira", azaldu du Lurta Nikolas proiektuaren bultzatzaileak.

Gainera, 3DLAN irabazi asmorik gabeko elkartearen parte hartzeari esker, dibertsitate funtzional mota desberdinetara egokitutako materialen diseinua ere egin dute. Hala, hiru dimentsioetako inprimaketan espezializatuta dagoen enpresak surf egokiturako beharrezkoak diren materialak diseinatu eta sortzeaz arduratzen da. Alberto Martinez elkarteko arduradunak azaldu du oraingo erronka izan dela gurpil-aulki batentzako egokitutako surf-taula sortzea. Horren prototipo bat erabiliko dute uda honetako surf-klaseetan mugikortasun arazoak edo garun-paralisia duten pertsonek.

Iragarri dutenez, Jaiki Surf Eskolak eta 3DLAN-ek surf inklusiboari buruzko nazioarteko kongresu bat antolatzeko asmoa dute irailean, Surf Irekia proiektuaren emaitzak ezagutzera emateko.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun